Koba jaialdia bosgarren erasorako prest dago. Festibala lau urtean Traña-Matienan egin eta gero (Abadiño), Durangon antolatuko dute lehenengoz, Plateruenean. Kartelburuen artean entzute handiko izen bi daude: Rhapsody of Fire (garai bateko Rhapsody) talde italiarra, power metal sinfonikoa eskainiko duena, eta Ingalaterrako Onslaught taldea, thrash metal gordin eta azeleratua eskainiko duena. Dena dela, biak ala biak punta-puntako taldeak izan arren, haien ondoan taularatuko direnak ere ez dira atzean gelditzeko modukoak izango: Killur, Injector eta Txatar. Euskaldunak azken horiek, Legen Beltza taldearen ondorengoak. Festibalak 17:30ean zabalduko ditu ateak, eta Injector taldea izango da taularatzen lehena (18:00). Segidan, Txatar (19:35), Killus (20:55), Rhapsody of Fire (22:35) eta Onslaught (00:30) igoko dira agertokira. Kontzerturako sarrerak enterticket.es atarian erosi daitezke.
Landako Guneko bigarren moduluan Fan Zone delakoa atonduko dute, herritar guztiei zabalik egongo dena. Bertan, informazio gunea, Puntu Morea, Turismo Bulegoko informazio mahaia, taberna, herri bazkaria eta festibaleko musika taldeen salmenta gunea egongo dira.
Egitaraua eguerdian hasita
Festibalaren muina arratsaldeko programazioan egongo den arren, giroa eguerdian berotuko da, 12:00etan Izar Records lehiaketako kontzertuak egongo dira-eta Plateruenean, debalde. Alex de Benito Project, Etorkizun Beltza eta SYO izango dira bertan, Koba Live 2027ko kartel ofizialean postu bat lortzeko lehian. Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, eta 16:00etan metal musikarekin girotutako trivial jokoa.
Koba jaialdiak Durangoko Turismo Bulegoaren babesa du, eta Dendak Bai elkarteak ere aktiboki parte hartuko du, saltokietan kamiseta beltzak eta kartelak ipinita, eta tabernetan playlistak eta edalontzi berrerabilgarriak erabilita.