Jorge Oteizak Durangon egitekoa zuen erakusketa berreskuratu dute

Ekaitz Herrera 2026ko maiatzaren 6a

Oteizak 1970ean atondu gura zuen erakusketa, itxura guztien arabera Ezkurdiko Aretoan. Alabaina, proiektu hura ez zen sekula ere gauzatu. Orain, handik 55 urtera, Durangoko Arte eta Historia Museoak jatorrizko esposizioa ipini du ikusgai. 

Jorge Oteizak Durangorako erakusketa bat garatu zuen 1970ean, udalerrirako propio. Urte hartako maiatzean aurkeztekoa zuen, zantzu guztien arabera, Ezkurdiko aretoan. Alabaina, erakusketa ez zen sekula egin, eta ahanzturan egon da orain arte, harik eta Durangoko Arte eta Historia Museoak, 55 urtera, proiektua berregin eta jendaurrean ipini duen arte. Erakusketa bihar zabalduko dute,  maiatzak 7, 18:00etan, eta abuztua amaitu arte egongo da ikusgai. David Pavo eskultore eta Arte Ederretako doktorea da erakusketako komisarioa.

Obrak Espazioaren hustura du izenburu, eta zortzi eskulturak osatzen dute muina. Bost lanek kuboaren hustura irudikatzen dute, eta beste bik esferaren hutsunea. Zortzigarren pieza Piedra movediza da (harri mugigarria). Era berean, hiru collage lan ere daude ikusgai. Lanok museoko bigarren solairuan atondu dituzte. Beheko solairuan, berriz, Oteizari buruzko azalpenak, haren audioak eta bestelako elementuak daude.

Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak azpimarratu duenez, erakusketa berregitea "zazpi urteko prozesua" izan da. 2019an hasi zuten bidea, David Pavok Arrizabalagari egindako dei batekin: Pavok Oteizaren audio batzuk deskubritu zituen, eta audio haietako batean Durangon erakusketa bat egitekoa zela zioen Oteizak. Hari mutur horretatik tiraka, museoko lan-taldea, batetik, eta Oteiza Museoko kideak, bestetik, artista gipuzkoarraren zirriborroak eta izkribuak behatzen ibili dira, artistak Durangorako zer asmo zuen dezifratzea lortu dute. Horren harira, Paule Sanchez zinegotziak nabarmendu du "une historikoa" dela, "inoiz gauzatu ez zena askoren ekarpenari esker" osatu delako. Juan Pablo Huercanes Oteiza Museoko kideak esan duenez, "ziklo bat" itxi da gaur, "Oteizaren ibilbide profesionaleko eta artistikoko ziklo bat".

Bisita gidatuak eta jarduera osagarriak

Erakusketaz gainera, bisita gidatuak egingo dituzte maiatzaren 23an eta ekainaren 3an, euskaraz eta gaztelaniaz (bi bisita eguneko, bat hizkuntza bakoitzean). Era berean, maiatzaren 13an, Pliegues, huecos y grietas tailerra egingo dute Elena Detalleresen eskutik (aldez aurretik izena eman behar da). Egun horretan bertan, 18:00etan, David Pavo erakusketaren komisarioak Jorge Oteiza: Reinvención de la estatua. De una nada que es nada a una Nada que es Todo hitzaldia emango du. Era berean, maiatzaren 19an, Aitor Aurrekoetxeak Jorge Oteiza eta Gaur taldeari buruz berba egingo du, eta maiatzaren 26an, Miren Vadillok El legado escultórico de Oteiza hitzaldia emango du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!