Kontserbatorioko kideen kontzertu didaktikoak eskualdeko ikastetxeetan

E.H. 2026ko maiatzaren 6a

Musika emanaldiek 25 minutu iraungo dute, eta Markeliñe teatro konpainiako kideekin lagunduta egingo dituzte.

Durangoko kontserbatorioko kideek kontzertu didaktikoak eskainiko dituzte eskualdeko hainbat ikastetxetan, musika umeengana gerturatzeko helburuz. Durangoko, Iurretako, Abadiñoko, Berrizko eta Zaldibarko ikastetxeetan eskainiko dituzte emanaldiak, maiatzean zehar, eta 700 bat umerengana ailegatzea dute helburu. Gainera, emanaldietan Markeliñe teatro konpainiako kideek ere parte hartuko dute, eta, horrenbestez, emanaldiak musika interpretaziotik harago joango dira, narratiba eszenekioek lagunduta egongo dira-eta. 

Kontzertua eskaintzeaz arduratuko den taldea askotariko instrumentuekin osatuta egongo da. Sokazko (biolina, txeloa) eta haizezko musika tresnez gainera (txirula, saxoa, tronpeta, txistua), erritmo instrumentuak egongo ere dira, hala nola perkusioa eta baxu elektrikoa. Interpretatuko dituzten piezak umeen interesetara eta ulermenera egokituta egongo dira, Mikel Nuñez piano irakasleak egindako moldaketak lagun. Programaren helburu nagusia kontzertu aretoa "desmitifikatzea" dela esan du udalak. "Musika esperientzia dibertigarri, irisgarri eta erakargarri" modura aurkeztu gura dute. 

Kontzertuek 25 minutu inguruko iraupena izango dute, eta eskola ordutegian egingo dituzte. Maiatzaren 6an, 13an eta 20an egingo dituzte, egunean bitan, 10:00etan eta 11:15ean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!