Durangoko Udalak ia 1,6 milioi euroko kreditu aldaketa egin du hainbat proiektu martxan ipini ahal izateko. Egitasmo nabarmenen artean Kapitanena berritzea dago, 960.000 euro bideratuko dituzte-eta baserrian gizarte etxea atontzera. Udalak urte amaieran hasiko ditu lanak. Bertan, baserriaren beheko solairua handituko dute, eremua San Faustoko elkarteen eta bizilagunen zerbitzura jartzeko.
Bestalde, udalak 174.320 euro erabiliko ditu komun autogarbigarri bat ipintzeko eta Muruetatorreko bidegurutzea berrurbanizatzeko, eta 41.500 euro baliatuko ditu "Durangoko nortasunerako eskulturaren diseinua eta instalazioa" egiteko. Era berean, 15.000 euro erabiliko dituzte Saibi kalea urbanizatzeko proiektua idazteko, eta 18.000 eurogarbiketari eta hondakinen bilketari buruzko kontzientziazio kanpaina egiteko. Azkenik 6.050 euro bideratuko dituzte arratoien kontrako kanpainetara. Mireia Elkoroiribe alkateak esan du inbertsio horiekin "jendearen beharrei erantzuten" dabilela udala.