Gazarako ontzidiak jasandako erasoa salatu dute Durangon

E.H. 2026ko maiatzaren 1a

Durangon elkarretaratzea egin zuten atzo, Israelek Global Sumud Flotillako hainbat ontzi geldiarazi dituela eta ekintzaileak mehatxatu dituela salatzeko. Halaber, Israelen "sarraskia" Libanora eta Palestinako Zisjordaniara zabaltzen dabilela ohartarazi dute. 

58 itsasontzi laguntza humanitarioa eramatekoak ziren Gazara, baina Israelek horietariko 21 geldiarazi ditu nazioarteko uretan, Israelgo lurretatik 1.000 kilometrora, Global Sumud Flotilla ontzidiko ekintzaileek salatu dutenez. Halaber, Israelgo soldaduek ontzietan zihoazen 175 bat aktibista "mehatxatu eta armen jo-puntuan" ipini dituztela salatu dute. Nazioarteko eragileek "krimentzat" jo dute laguntza humanitarioa eten gura izatea, eta "legez kanpokotzat" jo dute ontziak eta aktibistak nazioarteko uretan blokeatzea. Sumud ontzidiaren kritika horiei Amnistia Internazionala eta Greenpeace batu zaizkie, besteak beste. 

Gertakari horrek eragindako sumina Durangaldean ere sentitu da. Atzo, Palestinaren aldeko ekintzaileek elkarretaratzea egin zuten Durangon, Israelen jarrera salatzeko eta palestinarrei eta ontzidiko aktibistei babesa adierazteko. Andre Marian batuta, palestinarren kontrako genozidioa eta "inperialismo sionista-yankeea" salatu zituzten, eta ohartarazi zuten genozidioa Libanora eta Zisjordaniara zabaltzen dabilela. Era berean, Nazio Batuen Erakundeko ordezkari israeldarraren esanak ere kritikatu zituzten. Danny Danonek "beste ontzidi probokatzaile bat bidean geldiarazi da, iritsi aurretik", testua publikatu zuen sare sozialetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!