Fatima Ouassak aktibista frantziarraren proposamen ekologistak euskarazko ahotsa izango du aurrerantzean, Leire Mendibururi eskerrak. Itzultzaile durangarrak Ekologia pirata baten alde, eta aske izango gara saiakera itzuli berri du Katakrak argitaletxeagaz, Amaia Astobizak, Ainhoa Iparragirrek eta Idoia Ormaetxeak gainbegiratuta. Liburuak proposamen ekologista modu erradikalean planteatzen du, eta metropoli-aldirietako biztanleak aintzat hartuta eginda dago. "Izan ere, klima-hondamendia gehien sufritzen dabiltzanak hiri-auzo herrikoietako biztanleak direla konstatatzen du idazleak, migranteak gehienbat. Ouassak bera Parisko aldirietan bizi da, hain zuzen ere, eta errealitate horren eta oro har munduaren deskribapen zuri-beltza egiten du; ondoren, irtenbide esperantzagarriak proposatzen ditu", azaldu du Mendiburuk. Itzultzailearen berbetan, idazleak auzo horietako "itolarria" deskribatzen du, "etxeak, auzoak, asfaltoa, airea, beroa, hotza, lan baldintzak eta poliziaren presentzia" direlarik ardatz. "Jendea bizi baldintza kaskarretan bizi da auzo horietan, eta modu latzagoan bizi ditu klima hondamendiaren ondorioak; batez ere, auzo horietako haurrek. Horrenbestez, zurien eta aberatsen neurrira egindako ekologismoa planteatu beharrean, idazleak hiri-auzo herrikoietako biztanleak euren kabuz antolatzea proposatzen du", argitu du itzultzaileak. Halaber, uste du idazlearen tesia Frantziako hiriguneei begirakoa izan arren, "begirada kritikoagaz" irakurrita, hango egoerak estrapolagarriak izan daitezkeela Euskal Herrira, betiere "eskala txikiagoan".
Menbiburuk joan zen astean aurkeztu zuen Ekologia pirata baten alde, eta aske izango gara, Erika Lagoma lagun, Durangoko Hitz liburu dendan. Liburua trilogia baten bigarren atala da eta La puissance de mères (Amen indarra) arrakastatsua du aurrekari. Argitalpen horrek 2020an ikusi zuen argia, hiri-auzo herrikoietako gurasoen sindikatua (Le Front des Mères, Amen Frontea) 2016an sortu eta lau urtera.