Eusfera

"Gurasoek euren artean dituzten hartu-emanak euskalduntzea lortuko bagenu, pauso handia emango genuke"

Joseba Derteano 2026ko apirilaren 30a

PELLO ZABARTE ETA ITXASO ALTUNA EUSFERA

Eusfera umeen ingurunea euskalduntzea helburu duen ekimena da, gurasoak eta hurbileko komunitatea aktibatuta. 12 urtera arteko haurren eguneroko hartu-eman esparruetan euskararen erabilera indartzea bilatzen du, eskolatik harago ere eraginez. Durangon elkarte, ikastetxe eta eragile askok bat egingo dute ekimenagaz. Berbaro Euskara Elkarteak hartu du Eusfera bultzatzeko ardura, eta Pello Zabarte Narbaiza (Zaldibar, 1997) da bertako arduraduna. Itxaso Altuna Marina (Durango, 1986) Kurutziaga Ikastolako euskara taldeko kidea da eta ikastetxeen inplikazioa azaldu du.

Zer da Eusfera?
Pello Zabarte: Eusfera Euskal Herri osoko ekimena da eta umeentzat ingurune euskaldunagoak sortu gura ditu, gurasoen rola aktibatuta. Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak bultzatutako ekimena da. Lekuan leku, mota askotako eragileak gaude sustatzen. Durangoren kasuan, Berbarok hartu du iniziatiba bultzatzeko ardura, eta ekimenera batzeko proposamena egin diegu ikastetxeei eta udalari, batez ere. Hau da, Euskal Herriko ekimena den arren, tokiko izaera dauka, helburu beraren mesedetan, herririk herri egoki ikusten diren egitasmoak antolatzea delako asmoa. Ildo horretatik, ekimena ahalik eta partekatuena izatea gura dugunez, bilera bi egin ditugu guraso elkarteak eta ikastetxeak deituta. Ekimena ahalik eta ondoen azaltzea eta lana kolektibizitzea izan da helburua, bakoitzak bere roletik ekin diezaion. 

Egitasmoaren oinarrian beharrizan hau azalarazten duten ikerketak eta datuak daude, ala gehiago da inguruan ikusten den errealitatetik sortutako premia bat?
P.Z.: Egitasmoa ikerketetan eta datuetan oinarritzen da, argi eta garbi. Apirilaren 22an Ebete kooperatibako kide batek Nola euskaldundu dezakegu gure ingurua gurasook? izeneko berbaldia eman zuen eta hor datu interesgarri bat eman zuten: urtean zehar, ume batek bere bizitzaren %15 ikasgelan pasatzen du gutxi gorabehera. Ordu horietan euskara bermatuta dago, baina %15 ez da nahikoa, inondik inora. Ume baten errealitatea %85 da eskolatik kanpora, eta ingurunea oso erdalduna da gaur egun. Edo eremu horretan eragitea lortzen dugu edo umeen ingurua euskalduntzea oso konplikatua izango da. Adibibide bat: nire belaunaldikoak umeak ginela, familia erdaldun askotan euskaraz ikusten ziren marrazki bizidunak, eta gaur egun familia euskaldun askotan erdaraz ikusten dira. 
Itxaso Altuna: Kurutziaga Ikastolan aspalditik ikusi dugu familiak euskalduntzeko egitasmoen beharrizana. Gaia artezkaritzan landu eta euskara taldea sortu genuen, beharrizan honi erantzuna emateko. Talde honetan askotariko jendea dago, tartean gurasoak. Batu gura duten denentzako atea zabalik dago. Gune horretatik heldu diogu Eusferari. Gure asmoa hainbat ekitaldi edo jarduera antolatzea da. Eskola orduetan euskara bermatuta dagoela deritzogu, baina eskola orduetatik kanpora egoera aldatu egiten da. Beraz, antolatutako jarduerak eskola orduetatik kanpora izango dira. Gainera, familia erdaldunak eta etorkinak gure aldera, euskarara, zelan ekarri pentsatzen gabiltza. Ahalegin berezi bat egin gura dugu arlo horretan. 

Eusferak urte osoan zehar eragin iraunkorra izateko helburua badu ere, maiatzaren 7tik 17ra egingo da ariketa nagusia. Zeintzuk ekintza edo dinamika aurreikusten dituzue egun horietarako?
P.Z.: Mota biko egitasmoak planteatzen dira. Alde batetik, 'Misioak' izenekoa. Familia bakoitzak bere etxeko ingurunea eta hizkuntza ohiturak euskalduntzeko dinamikak edo jokoak dira. Honela parte hartu daiteke: 'eusfera.taupamugimendua.eus' atariko 'Gurasoen txokoa' atalean galdetegi bat dago, minutu batean bete daitekeena. Galtegiaren helburua da familia bakoitzaren hizkuntza errealitatea gehiago ezagutzea. Bidalitako informazioa kontuan hartuta, errealitate horri egokitutako misio sorta bat jasoko dute. Zortzi-hamar misio dira, modu dinamiko batean egiteko, umeentzat ere dibertigarria izan dadin. 

Eta zer planteatzen da etxetik kanpora egiteko?
P.Z.: Etxetik kanporako egitasmoa 'Euspazioak' deitzen da. Euskaraz berba egiteko aproposak diren familientzako elkarguneak sortzea da helburua. Mota askotakoak izan daitezke eta hiru elementu bateratu izango dituzte: haurrek eta gurasoek elkarregaz parte hartuko dute, parte-hartze aktiboa sustatuko da eta euskarara hurbiltzeko aukera eskainiko dute modu atseginean, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoei ere espazio hauetan parte hartzeko aukera zabalduta. 

Durangon espazio bi sortuko ditugu. Batetik, mendi txango bat, inguruko naturguneak ezagutzeko. Bestetik, familian parte hartzeko sukaldaritza tailer bat. Gero, ikastetxeei euren espazioan egiteko ekimen zehatzagoak proposatzen gabiltza. Esaterako, Landako eskolan patioko hainbat jolas familian egiteko aukera egongo da maiatzaren 8an.
I.A.: Kurutziaga Ikastolan jaialditxo bat antolatu dugu maiatzaren 22rako. Ikastolan izango da, arratsaldean. Tailerrak eta musika egongo dira. Helburua da gurasoen eta umeen arteko hartu-emanak euskaraz izan daitezen bultzatzea. Urtean zehar ildo horretako ekintza gehiago antolatu gura dugu. 

'Umearen zentzuna, etxean entzuna' dio esaera zaharrak. Gurasoak benetan kontziente dira hizkuntzaren esparruan ere eredu direla ala diskurtsoan bakarrik geratzen da oraindino?
I.A.: Diskurtsoan geratzen da sarritan. Badago kontzientzia bat egon, baina ohiturek indar handiagoa dutela esango nuke. Guk euskara taldean komentatu izan dugu: lau eta erdiak heltzen dira, gurasoek umeak jasotzeko ordua, eta umea datorrenean harrera euskaraz egin zaio, baina ondoko gurasoekin erdara hutsean dabiltza, haiek ere euskaldunak izan arren. Hori egunero errepikatzen da eta ez dut uste ikastetxeetara mugatzen den errealitatea denik bakarrik. Durangoko kaleetan normalean entzuten den hizkuntza erdara da.
P.Z.: 'Umeen ingurua' deitzen diogun horretan gurasoek euren artean dituzten hartu-emanak ere sartzen dira. Hartu-eman horiek euskalduntzea lortuko bagenu, pauso handi bat emango genuke. Azken batean, hizkuntzaren erabilera natural irteten da, hau da, ez da horretan pentsatzen. Eusferaren helburua hori ere bada, gurasoek aktiboki horretan pentsatu dezatela. 
I.A.: Norbere burutik hasi behar da. Autokritikoak izan behar dugu. Nire kasuan, baditut lagun batzuk euskaraz dakitenak baina erdarara jotzen dut eurekin nabilenean. Kontzientzia hori hartzea inportantea da. 

Umeek estimulu asko dute gaur egun. Zelan eragiten dute horiek umeen euskarazko sozializazioan?
P.Z.: Umeen kontsumo-produktu asko, telebistan nahiz kalean, musika kontzertu batean nahiz kale animazioan, pentsatzen dugun baino erdaldunagoak dira. Umeak estimuluz inguratuta bizi dira eta horietariko asko erdaldunak dira. Eusferak modu kontzienteago batean umeei ahalik eta ingururik euskaldunena eskaintzearen gaineko hausnarketa ere proposatzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!