Durangoko Udala Muruetatorreko auzotarrekin batu da auzoari buruzko gaiez eztabaidatzeko. Mireia Elkoroiribe alkatea eta Iker Txertudi zinegotzia 100 auzotar baino gehiagorekin batu ziren astelehenean, eta, besteak beste, auzorako komun publikoa izan zuten berbagai. Kontua da udalak Muruetatorreko etxadiaren eta Landako etorbidearen arteko eremuan kokatu gura duela komun publikoa, baina auzotarrek bestelako iritzia helarazi diotela: Madalenako autobus geralekua lekualdatzeko eta komuna bertan ipintzeko proposamena egin diote udalari, kokapen horrek "irisgarritasun eta erosotasun gehiago" eskainiko duelakoan.
Udalak iradokizun hori aztertzeko konpromisoa hartu du, eta behin betiko erabakia hartu aurretik berariaz aztertuko du gaia, kokapen horrek puntu beltzik sortzen duen ala ez jakiteko. Udal gobernua Bizidun adinekoen elkarteagaz, Durango Lagunkoiagaz eta eragile feministekin batuko da proposamenak aztertzeko. Halaber, azken erabakia auzotarrekin batera hartu gura dute, modu adostuan. Elkoroiribek herritarren parte-hartzea eskertu du.
