Eguzkitzako ortu ludikoetan 37 partzela egongo dira

E.H. 2026ko apirilaren 29a

Proiektua diseinatuta dago honezkero, eta Durangoko Udalak ekainean lizitatuko ditu eremua atontzeko lanak. 50 metro karratuko 37 partzela ipiniko dituzte, guztira, 4.300 metro karratuko azalera erabilita.

Ortuak Eguzkitza aldean egingo dituzte, Hegoalde etorbidetik hur. Erabiltzaileek 50 euroko prezio publikoa ordaindu beharko dute urtean, eta ortua lantzeko aukera izateaz gainera, materiala gordetzeko etxola, aldagelak eta landare-materiala birziklatzeko sistema izango dute eskuragarri. Halaber, segurtasuna eta estetika hobetzeko asmoz, eremua zeharkatzen zuen linea elektrikoa jada lurperatu dagoela jakinarazi du udalak.

Proiektuaren diseinua amaituta dago, eta, aurreikuspenen arabera, udalak ekainean egingo du lehiaketa publikoa. Egitasmoak 262.898 euroko aurrekontua du, eta obrek hiru hilabete inguru iraungo dute esleipen prozesua amaitzen denetik. Gune berria 2026 amaieran martxan ipintzea gura dute

Mireia Elkoroiribe alkateak nabarmendu duenez, ortuei eskerrak udalerriak "pauso bat gehiago" emango du "Durango iraunkorrago eta naturarekin lotuago baterantz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!