Azken txanpa trenbide zaharra bide berde izan dadin

E.H. 2026ko apirilaren 27a

Durangoko Udala gaur hasiko da trenbidearen trazadura bide berde bihurtzeko azken fasearekin. Lanak Olleria kaletik hasiko dituzte, eta Ermodora arteko 500 metroak urbanizatuko dituzte datozen bederatzi hilabeteetan. 

Olleria eta Matxinestarta kaleen artean eremua berrantolatuko dute, espaloiak handituta, berdeguneak sortuta eta bidegorriekin sarearekin lotuta. Matxinestartatik Ermodora arteko zatian, berriz, oinezkoentzako ardatza ipiniko dute, eta hori Ibaizabal parkearekin eta Musika Eskolako ingurunearekin lotu. Halaber, jarduketa nagusienetako bat Mañaria errekaren gaineko metalezko zubia birgaitzea izango da, oinezkoentzat zein bizikletentzat. Era berean, trazaduran zehar berdeguneak eta egonlekuak sortuko dituzte arbolak eta hiri-altzariak lagun.

Proiektuak 878.731,53 euroko esleipen aurrekontua du, eta udalak 2024ko apirilean Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) sinatutako hitzarmenaren zati da. Hitzarmen horren bidez, udalerriak 9.300 metro karratuko baino gehiagoko lurzorua berreskuratu zuen, 2012an trenbidea lurperatzeko lanen ostean. 

Mireia Elkoroiribe alkateak azpimarratu duenez, bide berdeko azken fasea orain arteko zatirik "konplexuena" izango da, "baita ardatz osoaren lotura osatzeko erabakigarriena ere". Lan horiekin "legegintzaldiko proiektu estrategiko bat" amaituko dutela esan du alkateak: "Mugarria jarriko du udalerriaren konfigurazioan". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!