"Belar dendan bezeroari aholku ematen ahalegindu gara, beti ere errespetuz"

Aitziber Basauri 2026ko apirilaren 25a

Osasun Etxea belar dendak mende erdia egin berri du, Durangon. Emilia Arrietak (Durango, 1944) garaiko delicatessen denda modura zabaldu zuen establezimendua, baina handik urtebetera norabidez aldatu eta osasunerako produktuak saltzen hasi zen; tarte batean, zurezko jostailuekin batera. Ana Aranzabal (Durango, 1970) orain 35 bat urte batu zen proiektura. Antzinako erremedioen lagun diren ama-alabak oso eskertuta daude urteotan bezeroek eurengan ipinitako konfidantzagaitik.

Emilia, bizi guztia eman duzu mostradorearen atzean.
Emilia Arrieta: Bai, oso gustura egon naiz, gainera. 17 urtegaz eskola utzi eta aitagaz zapata dendan lanean hasi nintzen. Gaztetan amagaz odolosteak egiten ibilitakoa ere banaiz, familiako harategian saltzeko. Durangon lehenengoa izan nintzen belar denda zabaltzen. Gure amak alergia zeukan eta horrek sortutako enbarazuak arintzeko produktu batzuk hartzen zituen. Durangon ez zegoen horrelakorik lortzeko lekurik, eta denda halako produktuetara bideratzea erabaki genuen. Beti ondo joan zaigu eta aurrera egin dugu.

Zein da sekretua negozioa hainbeste urtean zabalik izateko?
E.A.: Bezeroagaz atsegina izatea. Bizi osoan pozik etorri naiz lanera. Asko gustatu zait mostradoreko lana, jendeagaz hartu-emana. Bezero izandakoek kalean ikusten nautenean kasu egitea, musu bat ematera hurbiltzea... horretxek pozten nau gehien. Alabak lehengo bezeroak mantendu izana polita da.

Fisika ikasketak utzi ondoren, administrari ikasketak amaitu zenituen. Hala ere, argi izan zenuen belar denda zela zure tokia, Ana. 
Ana Arazabala: Bai. Amagaz 10 bat urte egin nituen. Gero, Ainhoa hartu genuen. Ia 20 urte daramatza gugaz. Guretzat osasuna izan da beti garrantzitsuena, eta bezeroari aholku ematen ahalegindu gara, beti ere errespetuz. Batzuetan ez da erraza izaten, baina jendeak estimatzen du laguntza hori. 

Erostera ez ezik, aholku bila doa asko? Hori da duzuen balio erantsia saltoki handi edo Interneten aurrean?
E.A.: Jakina! Horiek ez dituzte ematen guk ematen ditugun azalpen eta aholkuak. Ordu asko eman dut belar dendan, baina asko gozatu dut egindako lanagaz. Belar denda konfesatoki bat ere izan da. Pazientzia handia izan dugu beti, eta bezeroari maitasun handiz eman dizkiogu aholkuak. Horregaitik jarraitu dugu hainbeste urtean. 
A.A.: Gainera, 37 bat urtean mediku bat izan dugu gugaz, astean 12 ordutan, kontsulta ematen. Zorte izugarria izan dugu beragaz. Nik neuk mordoa ikasi dut beragaz, eta beti zintzo jokatu dugu. Izan ere, hemen ez dugu miraririk egiten. Lagundu ezin diogunean, bezeroa medikuarengana bidaltzen dugu.

Familia bereko zenbait belaunaldi izan duzue bezero.
A.A.: Bai. Eta hori polita da.

Zelakoa izan da urteotako bilakaera? 
A.A.: Lehen, magnesioa, burdina eta sendabelarrak eskaintzen ziren. Gaur egun, askotariko prestakinak egiten dira, espezifikoagoak. Baina bezeroak ezagutza handiagoa du orain. Horretan igarri dut aldaketarik handiena.

Gogoan duzuen momenturen bat?
A.A.: Pandemia garaia. Oso gogorra izan zen, baina asko laguntzeko aukera izan nuen. 
E.A.: Ezin dut bat aukeratu.

Belarren artean zein da izarra?
A.A.: Ashwagandha, dudarik barik, estres fisiko eta emozionalerako. Gero, magnesioa, eta Omega 3 eta Omega 7. Eztarrirako, malba, kamamila mingotsa eta ezkaia ere ondo saltzen dira.

(Argazkia: Emilia Arrieta, denda zabaldu zuen lehen urteetan)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!