Durangoko EH Bilduk kirol zerbitzuen kudeaketa kritikatu du gaur, eta adierazi du 2025eko martxotik hona ez dela "aurrerapen nabarmenik egin" Landakoko fitness makinetan. Gailuok berritu barik jarraitzen dutela esan dute.
Orain, subiranistek kritikak plazaratu eta gerora, Iker Txertudi zinegotzi jeltzaleak, kirol zerbitzuen arduradun politikoak, erantzun egin die esan horiei. Zinegotziak azpimarratu duenez, "burokraziak" eta bere epeek nahi baino gehiago moteldu dute makineria berritzeko prozesua, baina edozelan ere, ezarritako prozesu legalagaz jarraitzen dutela berretsi du: "Fitness gelarako makina berrien lizitazio prozesua dagokion araudiari jarraituz egin da, baina, jasotako errekurtso baten ondorioz, beharrezkoa izan da geldiaraztea eta prozesua berrabiaraztea". Plegu berriak prestatzen dabiltzala esan du.
Era berean, zinegotziak EH Bilduren beste kritika bati erantzun dio. Gezurtatu egin du Durango Kirolaken "plangintza falta" eta "kudeaketa eskasa" daudenik: "Udal Gobernu honek Durango Kirolak-en eta kalitatezko kirol zerbitzuen aldeko apustua egin du legealdiko lehen egunetik" esan du, eta gaineratu gobernu taldeak "zorrotz eta modu planifikatuan" lan egiten duela, "inprobisaziorik gabe, eta oztopo teknikoak eta oinarririk gabeko kritikak gorabehera".
Halaber, Txertudik EH Bilduri leporatu dio hura agintean zegoenean kirol zerbitzuan edota Landako edo Tabirako kirol instalazioetan hobekuntzarik ez egitea: "Izan ere, fitness aretoko makineria aurreko legealdian berritu behar zen, makinen bizitza baliagarria 10 urte ingurukoa baita, eta 2010ean instalatu ziren, baina ez zen halakorik egin".