Durangoko kirol zerbitzuek "kudeaketa serioa" behar dutela esan du EH Bilduk

E.H. 2026ko apirilaren 22a

Koalizio subiranistak kirol zerbitzuetako "plangintza falta" kritikatu du, eta "kudeaketa eskasa" leporatu dio EAJri: "Herritarrak iragarkietan eta titularretan oinarritutako gobernatzeko modu baten ondorioak ordaintzen dabiltza, baina benetako exekuziotik urrun", diote. 

Durangoko EH Bilduk kirol zerbitzu publikoen kudeaketa kritikatu du. Koalizioak esan du "egungo egoeraren azterketa" egin duela, eta horrek  "agerian" utzi duela "plangintza, kudeaketa eta zuzendaritza politiko falta". "Gaur egun, herritarrak iragarkietan eta titularretan oinarritutako gobernatzeko modu baten ondorioak ordaintzen ari dira, baina benetako exekuziotik urrun", adierazi dute hedabideetara bidalitako oharrean.

Kritiketako bat Landakoko fitness aretoan kokatu dute: "2025eko martxoan udal gobernuak publikoki iragarri zuen makina ia guztiak berrituko zirela, eta konpromiso hori berretsi egin zen uztailean, 2026rako 1,2 milioi euroko inbertsioa onartuta. Hala ere, urtebete baino gehiago geroago, ez dago aurrerapen nabarmenik, ezta proiektuaren egoerari buruzko informazio argirik ere. Argi eta garbi ikusten da ez dagoela loturarik iragarki politikoen eta zerbitzuaren errealitatearen artean", azaldu du EH Bilduk.

Beste kritika bat kirol zerbitzuen kudeaketa ekonomikoan kokatu dute, eta EAJri egotzi diote prezio publikoak onartu barik zeudela, "abonuak kentzen saiatzea". Asmo horrek "gaitzespen handia" eta "legezkotasunari buruzko zalantza handiak" eragin zituela esan du koalizioak, ata gaineratu du herritarren "kritiken eta koalizioaren salaketa publikoaren ondoren" ongarriak "zuzendu eta berriro baimendu" zituela gobernu taldeak. Halaber, udal aurrekontuak "gaur egun ez dauden prezio publiko berriekin" egin izana "are kezkagarriagoa" da EH Bildurentzat.

"Inprobisazioan" ibili barik, Durangok "kudeaketa publikoko erdu serioa" behar duela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!