Tabirako igerilekuetako taberna hartu gura dutenek zabalik dute proposamenak aurkezteko epea

E.H. 2026ko apirilaren 22a

Establezimendua errentan hartzen dutenek ekainaren 11tik irailaren 13ra eskaini beharko dute zerbitzua, igerilekuen ordutegiagaz bat. 

Durangoko Udalak martxan ipini du Tabirako igerilekuetako taberna-kafetegia kudeatzeko lizitazioa. Taberna errentan hartu gura dutenek maiatzaren 5era arteko epea dute proposamenak Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforma erabilita helarazteko. Onuradunek ekainaren 11tik irailaren 13ra bitartean eman beharko dute zerbitzua, igerilekuen ordutegi ofizialarekin bat. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du hasiera batean, baina 2027ko eta 2028ko denboraldietara luzatzeko aukera jasota dago, horretarako baldintzak betetzen badira.

Lizitaziorako ezarritako gutxieneko kanona hilean 250 eurokoa da (BEZ kanpo), eta enpresek kopuru hori hobetu ahal izango dute euren eskaintzetan. Horrez gainera, esleipendunak 1.500 euroko bermea ipini beharko du eta 75.000 euroko erantzukizun zibileko asegurua egiaztatu beharko du. Era berean, elikagaien manipulazioan eta higienean prestakuntza izatea eskatuko dute. Udalak hainbat irizpide baloratuko du esleipena egiteko: eskainitako kanonaren hobekuntza, ostalaritzan izandako esperientzia, euskararen ezagutza eta emakumeen enplegua sustatzeko neurriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!