BBK Live jaialdi erraldoiaren ahaide txikiak, Herrian festibalak, Durangon lur hartuko du maiatzaren 30ean. Goiz honetan, Durangoko udal arduradunek eta festibalaren antolatzaileek zeintzuk artistak joko duten argitu dute. Etxeko taldeen artean, Gar (Durango), Amaiurtxu (Durango) eta Heitxi (Zornotza) egongo dira. Euskal Herriko taldeen artean, Kiliki, Pi L T, Eider eta Olatz Salvador, eta atzerritik ailegatuko direnen artean, Mujeres rock talde espainiarra, rap estiliko Santa Salut, Los Fresones Rebeldes indie klasikoak, Wau y los Arrrghs!!! taldearen doinu garajeroak, Mala Gestión valentziarrak, Mississippi Queen & The Wet Dogs soul taldea eta Oslo Ovnies post hardcore taldea.
Festibalak hiru agertoki izango ditu Durangoko kaleetan. Ibaizabal, Benita Uribarrena eta Ezkurdi parkeetan egingo dituzte kontzertuak. Ordutegia ere zehaztu dute: jaialdia 13:00etik 23:00etara egingo da.
Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi du “harrotasunez” jasotzeko moduko egitasmoa dela. “BBK Live jaialdiaren atarikoa Durangon egitea zoragarria da. Herritar guztientzako dago zabalik, eta kohesio sozialean eragingo du”, esan du. Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak gogorarazi duenez, Bilboko jaialdiak 20. urteurrena beteko du aurten, eta 2023an hasitako bideari jarraituko dio aurten ere, “jaialdiaren esentzia Bizkaiko gainerako udalerrietara zabalduta”. Last Tour enpresa sustatzaileko Paloma Ortek azpimarratu du jaialdia “gertukotasunezko kultura sortzeko era bat” dela, eta gaineratu du kontzertuak debalde eskainiko dituztela.