Barikuan, apirilak 24, Bartolome Ertzilla Orkestra Sinfonikoak bere bigarren kontzertua eskainiko du Durangoko San Agustin Kultur Gunean, arratsaldeko 19:00etan. Emanaldia Bartolome Ertzilla Musika Eskolak eta Kontserbatorio Profesionalak antolatu dute, iaz hasitako proiektu sinfonikoa sendotzeko helburuz. 11 urtetik gorako 45 ikasle inguruk hartuko dute parte, irakasleekin eta ikasle ohiekin batera.
Taldea Irati Ortubiak zuzenduko du. Errepertorioari dagokionez, orkestrarako hainbat obra interpretatuko dute, tartean, Ander Ertzilla konpositore durangarrak idatzitako lan baten estreinaldia.
Sarrera doakoa den arren, beharrezkoa da gonbidapena izatea. Gonbidapen horiek Musika Eskolan jaso daitezke, edo kontzertuaren egunean bertan San Agustin Kulturgunean.