Nor dago errenta aitorpena aurkeztera behartuta?
Batetik, laneko irabazien ondorioz urtean 20.000 euro gordineko etekinak izan dituzten pertsona guztiak. Eta, bestetik, higigarrien kapitalaren eta interes irabazien ondorioz 1.600 euroko muga igaro duten herritarrak.
Eta iaz kontratu bat baino gehiago izan zutenak?
Salbuetsita daude. Aurtengo nobedadeetariko bat horixe da, hain zuzen ere: errenta aitorpena egitetik salbuetsita daude kontratu bat baino gehiago izan duten herritarrak, nahiz eta 20.000 euroko langa igaro ez. Aldaketa horren eraginez, Bizkaian handitu egin da aurkezpena egiteko betebeharretik salbuetsita dagoen pertsona kopurua.
Zer beste nobedade dago? Zeintzuk dira berrikuntzak kenkarietan?
Familiaren esparruan, mantenu pentsioen kenkaria zabaldu egin da bigarren mailako senideak barne hartzeko. Kenkari hori %15 da seme-alaba bakoitzeko, %30era arteko mugagaz. Bestalde, kenkari berri bat dago zaintzaileak kontratatzeagaitik: 250 eurokoa da. Eta 30.000 eurotik beherako zergapeko errenta duten alargunek 200 eurora arteko kenkaria izan dezakete.
Eta etxebizitza arloan?
Etxebizitza erosketari eta alokairuari dagokienez, 30 urtera arteko herritarrek %35eko kenkaria izan dute orain arte, baina kontua da adin tartea handitu egin dutela eta aurrerantzean 36 urtetik beherakoek erabili ahal izango dutela kenkari hori. Ez hori bakarrik. Tasa hori familia ugariek, guraso bakarreko familiek eta %65eko desgaitasuna duten pertsonek ere erabili ahal izango dute. Gainerakoek, 36 urtetik gorakoek eta aipaturiko kasuez apartekoek, %20ko kenkaria izango dute. Etxebizitza-aurrezki kontua ere hobekuntzekin dator: kenkaria %18tik %23ra igo da, eta inbertsio epea 6 urtetik 10era. Etxebizitzarako familia-arteko dohaintzari dagokionez, 2025eko apirilaren 23tik aurrera 36 urtetik beherako pertsonen ohiko etxebizitza bat erosteko hirugarren mailara arteko senideek egindako eskaintzak salbuetsita daude Oinordetza eta Dohaintza Zergatik, 30.000 eurora arte. Kasu horretan, erosketa amaitzeko epea urte bikoa izan behar da lehenengo maileguaren datatik aurrera.
Enpleguari dagokionez, zer hobari dago?
Enpleguari eta Gizarte Segurantzari loturiko esparruan, kenkariak daude Euskadiko pentsio planak (EPSV edo Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak direlakoak) dituztenentzat. Kasu horretan, kenkariak %15-25 artean mugitzen dira, eta %10ekoak dira enplegatuen edo langilerik bako autonomoen ekarpenetan. Gazteen kasuan, kopuruak handiagoak dira: %25 eta %15 hurrenez hurren.
Badago beste hobaririk?
Energia eraginkortasuna hobetzeari eta etxebizitzetan energia berriztagarriak integratzeari begirako kenkari berri bat dago, %15ekoa dena eta 3.000 eurora arteko muga duena. Era berean, mugikortasun iraunkorrari dagokionez, kenkari berri bi daude: zero isuriko ibilgailuak erosteagaitiko hobaria da bata, %10ekoa, eta ibilgailuak kargatzeko puntuak instalatzeagaitikoa bestea, % 15ekoa.
Ipini ditzagun mahai gainean kasu praktikoak: demagun lagun batek dirua utzi didala auto berri bat erosi ahal izateko. Zertan eragingo dio horrek lagunari eta zertan eragingo dit niri?
Mailegu bat baldin bada, interesik bakoa, ez dago eraginik. Baina hori horrela izan dadin, mailegu horren berri eman behar zaio Ogasunari, 600 inprimakia beteta eta aurkeztuta.
Seme edo alaba bat izan dugu. Zer izan behar dugu kontuan?
Zergadunagaz bizi den lehenengo seme-alabarentzat 668 euroko kenkaria eskatu daiteke. Kopuru hori oso-osorik aplikatzen da jaiotze hilea edozein izanda ere; hau da, proportzionaltasunik barik. Era berean, sei urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko 386 euroko gehigarriak eskatu daitezke.
Demagun bikotekidea eta biok banandu egin garela. Seme-alabak tarteko badira, nork desgrabatzen du?
Seme-alaben zaintza zelan geratu den aztertu behar da horretarako.
Herentzia bat jaso dut. Zertan eragingo dit?
Ez du ezelango eraginik. Ez dio errenta aitorpenari eragiten.
Zelan lagundu diezaguke abokatu batek, aditu batek, errenta aitorpena egiten? Zertan igarriko dugu aldea?
Zergak oso kontu teknikoak dira, eta kasuistika hain da zabala ze, bakoitzak bere berezitasunak dituela. Horregaitik, egoera bereziren bat suertatzen denean, berezitasun hori aditu bategaz lantzea komeni da. Berezitasunik bako aitorpenak dira gehienak, salbuespen edo ñabardurarik bakoak. Baina etxeen salmenta tarteko dagoenean edo dibortzioak daudenean, tratamendu fiskala oso bestelakoa izaten da. Asko konplikatzen dira kontuak.
Egoera asko aldatzen da?
Adibidez, jende askok ez daki ondasunak handitzerakoan gastu batzuk txertatu daitezkeela, eta, ondorioz, ordaindu beharrekoak murriztu egiten direla. Urtea arrunta izan bada eta nominak kobratu bakarrik egin badugu, hor ez dago aparteko kenkaririk. Alabaina, berezitasunen bat baldin badugu, eta gure kasuistika zenbat eta zabalagoa izan, orduan gugana etortzea komeni da. Ogasunak guri bidaltzen digun aitorpena ondo eginda dator normalean, baina berezitasunen bat badago, orduan, guri dagokigu horiek adieraztea.