DAFA Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak kalera irten zuen atzo Iruñeko Sanduzelai auzoan emakume bat hil zela salatzeko, leihotik ihes egiten ari zela. Urtea hasi zenetik indarkeria matxistak eraildako hirugarren pertsona dela salatu du DAFAk. "Ondo dakigu indarkeria matxistak ez duela modu berean gurutzatzen gorputz bakoitza, eta argi dago dago arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, emakume migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uzteraino. Kasu honetan, berriro ere, ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den. Eta guk argi dugu: etxebizitza duinik gabe, ez dago bizitza duinik; eta ez dago indarkeriatik ihes egiteko aukerarik. Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du", esan du DAFAk.
Alde horretatik, instituzioen "erantzukizun falta" kritikatu dute: "Nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume batek etxebizitza duin bat bermaturik ez izatea? Non daude instituzioak funts putreak babestutako etxebizitzak erosten dituztenean?", galdetu dute. Asanblada feministaren berbetan, "emakumeak behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea nahiz laguntza eta babesa ematea ere bada instituzio publikoen betebeharra ".