Herriaren Eskubideak kezka plazaratu du Tabirako igerilekuen harira. Durangoko Udala instalazioak goitik behera berritzen dabilela eta, igerilekuak uda honetarako prest egongo ote diren galdetu du talde independenteak. Izan ere, Jorge Varela buru duen taldearen berbetan, "udal-instalazioen egungo egoerari buruzko informazio faltak egonezina sortu du", eta arrazoi horregatik galdera sorta erregistratu du udalean, gobernu taldeak erantzun ditzan. Bost galdera erregistratu dituzte, hain zuzen ere: proiektua atzeratzeko zailtasun zehatzak, obra bakoitzaren egoera zehatza, lanen egutegi eguneratua eta igerilekuen irekiera-data zein izango den galdetu dute, besteak beste. Halaber, lanak bizkortzeko zeintzuk neurri hartuko diren eta irekiera egunean aldagelak eta oinarrizko zerbitzuak zein baldintzatan egongo diren ere galdetu dute.