Zine-foruma Durangon, Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunaren harira

E.H. 2026ko apirilaren 15a

Apirilaren 25ean, Céline Sciamma zuzendariaren ‘Sutan dagoen emakume baten erretratua’ (Portrait de la jeune fille en feu) filma hartuko dute oinarri, eta berbaldia egingo dute gero. Lanbroa kolektiboko kideek eta Cris Walker ekintzaileak gidatuko dute saioa. 

Datorren apirilaren 25ean, goizeko 11:00etan, Durangoko Zugaza zinemak Céline Sciamma zuzendariaren ‘Sutan dagoen emakume baten erretratua’ (Portrait de la jeune fille en feu) filma hartuko du. Andereak indarkeria matxistaren aurkako elkarteak antolatu du saioa, Andragunearekin elkarlanean, apirilaren 26an ospatzen den Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunaren testuinguruan.

Egitasmoaren helburu nagusia emakumeen arteko maitasuna aldarrikatzea eta historian zehar isilaraziak izan diren emakume artisten papera azaleratzea da, Andereaken berbetan. Proiekzioaren ostean, solasaldi bat egingo dute Lanbroa Kolektibo Feministako kideekin eta Cris Walker ekintzailearekin. 

Emakumeen begiradaren manifestua
XVIII. mendeko Bretainian kokatutako filma da, ezkontza itundu bat burutu aurretik gazte baten erretratua isilpeka margotu behar duen artista baten istorioa kontatzen duena. Bi emakumeen artean sortzen den harremanak garaiko arau sozialak hausten ditu. Sciammak berak "emakumeen begiradaren manifestu" gisa definitu du lana, desioa eta askatasuna ikuspegi intimo eta erradikal batetik jorratzen dituelako.

Era berean, filmak omenaldia egiten die artearen historia ofizialetik kanpo geratu ziren emakume margolariei, haien talentua eta lana ikusezin bihurtu zirela salatuz.

Zinemarako sarrera doakoa izango da. Leihatila saioa hasi baino ordu erdi lehenago irekiko da (10:30ean), eserlekuak bete arte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!