Beste herri batzuetako zaintza esperientziak aztertzeko mahaingurua Durangon

Ekaitz Herrera 2026ko apirilaren 15a

Durangoko mugimendu feministak zaintza sistema publikoa aldarrikatu zuen 2023ko greba orokorrean.

Durangoko zaintza komiteak mahainguru bat egingo du apirilaren 23an, eguena, Euskal Herriko hainbat udalerritako zaintza esperientziak ezagutzeko. Jardunaldia San Agustin aretoko sarreran egingo dute 18:30etatik aurrera. Hiru esperientzia ezagutuko dituzte: Aretxabaletako zentro soziosanitarioa, Hernaniko zaintza sistema (Gipuzkoa) eta etxeko zaintza langileen kolektiboa.

Durangoko zaintza komiteak dioenez, Aretxabaletakoa lehenengotariko esperientzia izan da osasun, gizarte eta zerbitzu komunitarioak aldi berean integratzen, eta Hernaniko kideek sistema propioa sortu dute zaintza komunitarioak udalerri horretako auzoetan sustatzeko. 

Ereduak ekarri guran

Durangoko zaintza komiteak ispilu modura erabili gura ditu berbaldiok, udalerrian antzera bateko zerbitzua eratu gura dute-eta, 2023ko azaroko greba feministatik hona hainbatetan eskatu duten bezala. Horren harira, "Zer egin dezake udalak zaintzen arloan?" galderari erantzun gura diote, eta "esperientzia errealak mahai gainean" ipintzeko erabiliko dute hitzordua. Antolatzaileek esan dutenez, berbaldietan aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!