Durango Jai Alai (DUJA) elkarteak antolatzen duen Euskal Jaiak Zesta-Punta txapelketaren 22. aldiari joan zen zapatuan ekin zioten. Aurretik beste 15 jardunaldi geratzen dira, ekainaren 6ko finalera heldu arte. Jardunaldiak asteburuetan jokatuko dituzte: zapatuetan 17:30ean hasiko dira eta domeketan 10:30ean. Sarrera doakoa da.
18 elkartetako 72 pilotarik hasi dute txapelketa. Kanporaketa formatuan jokatuko da eta aurre-fase bat egongo da 16 eta 20 urte bitarteko mutilez osatua. Hauek final laurdenetako bi plazaren bila lehiatuko dira, bertan maila goreneko beste sei bikote zain dituztela.
Ekitaldiak musikaz girotua egongo dira eta irabazleen artean 1.500 euroko diru sariak egongo dira, DUJA elkarteak ohar batean jakinarazi duenez.
Euskal pilota maratoia
Ekainaren 6ko finaletan, euskal pilotako Joko garbi modalitateko partida bat antolatzea ere espero dute DUJAko kideek. Joko garbi modalitatea zesta puntaren aitzindaria izan zen eta Ezkurdi pilotalekua modalitate honetako partidu batekin inauguratu zen 1889 urtean, 'Chiquito de Eibar' handiarekin. Chiquito de Eibar durangarra munduko txapeldun izan zen eskuz, zestaz eta palaz.
