GKSk borroka antifaxista indartzeko egitaraua antolatu du Durangon

E.H. 2026ko apirilaren 13a

Durangaldeko GKSk hitzordua promozionatzeko harturiko irudi bat. DURANGALDEKO GKS

Faxismoaren aurka antolatzeko asmoz, Durangaldeko GKSk egun osoko jardunaldia egingo du apirilaren 18an, Durangoko Gaztetxean. Hiru esperientzia aletuko dituzte mahai-inguruan. Eguna boxeo ikuskizun batekin eta musikarekin amaituko dute. 

Eskualdeko hainbat herri bonbardatu zituztenetik 89 urte bete direla eta, Durangaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak egun osoko jardunaldia antolatu du "faxismoaren gorakadari eta estatuen autoritarismoari aurre egiteko". Apirilaren 18an egingo dute, zapatuan, Durangoko gaztetxean. Ekitaldi nagusia 18:00etan hasiko da, borroka antifaxista gaurkotzeko mahai-inguruarekin. Bertan, hiru esperientzia aletuko dituzte: Espainiako falangeari aurre egin zieten Gasteizko militanteen hitz hartzea, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideen esperientzia eta Bilboko Etxarri II gaztetxeko kide ohiena. Berbaldi horiek "egungo testuinguru politikoa ulertzeko eta kalean zein herri mailan ematen ari diren erantzun autogestionatuak aztertzeko" baliatuko dituzte.

Iluntzean, 19:30ean, boxeo ikuskizuna izango dute. Eskualdeko zein eskualdetik kanpoko gazte kirolariek parte hartuko dute bertan. Eta egunari amaiera emateko, Aiaraldeko Soinu Sistemak gaztetxea girotuko du musikagaz. Bertaratzen direnek pizzak eta mojitoak dastatzeko aukera izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!