Atxilotuen eta ustezko delitugileen jatorria publiko egin ala ez egin, horixe eztabaidatu dute Durangoko udaletxean. Aste honetako osoko bilkuran, EH Bilduk adierazpen bat eraman du udalbatzara, alkatetzari halako daturik ez jakinaraztea eskatzen. Markel Larruskain zinegotziak azaldu zuen adierazpena, eta udalbatza osoari eskatu zion hura babestea.
Koalizio subiranistaren berbetan, atxilotuen eta identifikatuen jatorria publiko egiteak "modu negatiboan" eragingo lioke biztanleen pertzepzioari, "jokaera konkretu" batzuen eraginez "susmopean" jarriko litzatekeelako "kolektibo oso bat". Alde horretatik, Larruskainek "erantzukizunez jokatzera" deitu zuen udalbatza: "Immigrazioa-delinkuentzia binomioak eskuin muturra elikatzen du, eta akats politikoa litzateke horretan jardutea", adierazi zuen. PSE-EEk eta Herriaren Eskubideak bat egin zuten irakurketa horrekin, eta delituetako arrazoiak "nazionalitateetatik eta jatorrietatik harago" bilatu behar zirela iradoki zuten. "Klase sozialari, faktore sozialei zein arrazoi sozioekonomikoei" begiratzera deitu zuten Jorge Varelak eta Jesica Ruizek.
EAJk eta PPk, berriz, mozioaren kontra bozkatu zuten. Josune Escota jeltzaleak adierazi zuenez, "Ertzaintzak eta estatistika institutuek dagoeneko publiko egiten dute atxilotuen jatorria", eta horrenbestez, Durangoko Udalak ere kriterio horri jarraitu beharko lioke. "Lanbidek, Eustatek, Eurostatek, INEk, Espainiako barne ministerioak datu hori jakinarazten badute, zergatik Durangok ez?", galdetu zuen. Carlos Garcia popularrak jatorriaren berri ez ematea "errealitatea ezkutatzea" zela iritzi zion. "Datu hori ez emateak estigma areagotu baino ez du egiten", adierazi zuen.
"Betoa"
EH Bilduren mozioari alternatiba aurkeztu asmoz, EAJk urgentziazko adierazpena eraman zuen udalbatzara. Alabaina, testu horrek ez zuen aurrera egin, EH Bilduk, PSE-EEk eta Herriaren Eskubideak ez zutelako tramitera onartu. Kontua da urgentziazko mozio bat eztabaidatu ahal izateko, adierazpenaren beraren urgentzia bozkatu behar izaten dela lehenik. Eta behin hori gaindituta hasten direla ordezkariak eztabaidan. Alabaina, mozioak ez zuen lehendabiziko langa igaro, urgentea ez zela iritzi baitzioten subiranistek, sozialisten eta independenteek. Horrenbestez, jeltzaleen adierazpena ez zen debatera ailegatu.
Horren aurrean, "betoa" salatu du EAJk. EH Bilduri, PSE-EEri eta Herriaren Eskubideari leporatu die debatea "blokeatzea". "Kalean dagoen eztabaida baten aurrean, herritarrei zabaltzea, kontrastatzea eta inplikatutako eragile guztiekin lantzea planteatu dugu. Hala ere, beste talde batzuek eztabaida eragoztea erabaki dute", esan dute hedabideetara bidalitako oharrean.
Jeltzaleek defendatu dute eztabaida "legitimoa" dela, eta gaia "presente" dagoela gizartean. Alde horretatik, auziari "aniztasunetik eta testuingurutik" heltzera deitu zuen, "datuen erabilerak aurreiritzirik elikatzen ez duela eta kolektibo zehatzen estigmatizazioan eragiten ez duela bermatuz" batetik, eta "segurtasunean eragina duten gizarte, ekonomia eta egitura-faktoreak ere kontuan hartuko dituen azterketa integrala ahalbidetuz", bestetik.