Durangoko EH Bilduk mozio bat eramango du hilabete honetako osoko bilkurara. Atxilotuen eta identifikatuen jatorria ez publikatzea eskatuko dio gobernu taldeari, eta gai horren aurrean posizioak hartzera bultzatuko ditu udalbatzako alderdi politiko guztiak.
Koalizio subiranistak esan du atxilotuen eta identifikatuen jatorria publiko egiteak "apurtu" egiten duela hamarkada hauetan guztietan egondako "kontsentsu politiko eta soziala". Diotenez, ustezko delitua egin duenaren jatorria publikoa egiteak "modu negatiboan" eragingo lioke biztanleen pertzepzioari, hain zuzen ere, "jokaera konkretuetatik kolektibo osoak susmagarri gisa hautematea ekar baitezake". Era berean, "arrisku horiek hartzea justifikatu lezakeen segurtasun arrazoi objektiborik ez dago", EH Bilduren esanetan, atxilotuen jatorria publiko egiteak ez baitu durangarren segurtasunean hobekuntzarik ekarriko.
Durangoko Udalak eguazten honetan egingo du osoko bilkura, 17:00etan, udaletxean.