Iker Fidel Escobar errugbilari durangarra Baionako Avironen

Jone Guenetxea 2026ko martxoaren 27a

DRTko harrobitik talde lapurtarrerako jauzia eman du. Gainera, aste honetan Espainiako selekzioak deituta Madrilen izan da. 

Iker Fidel Escobar errugbilari durangarra pauso garrantzitsuak ematen ari da bere kirol ibilbidean. Durango Rugby Taldearen harrobiko jokalaria 18 urtez azpiko taldetik Baionako Avironera joan da ikasturte honetan, kasu honetan ere 18 urtez azpiko taldera. Aldaketa esanguratsua izan da jokalariarentzat, bai maila profesionalean eta baita pertsonalean ere. " Orain bakarrik bizi naiz Hendaian eta Irunen ikasten dut. Askoz ere arduratsuagoa izan behar naiz nire betebeharrekin. Hasieran kosta egin zitzaidan, baina denborarekin etxetik kanpo guraso barik zure kabuz antolatzen ikasten duzu". Avironen entrenatuta, exijentzia maila nabarmen igo dela azaldu du durangarrak. "Jokoa askoz arinagoa da eta kontaktuak ere gogorragoak dira".

Orain dela hilabete batzuk izan zuen lesioa gaindituta, Avironen jokatzeaz gainera, durangarrak Espainiako selekzioaren deialdi batean lehenengoz parte hartu du aste honetan, Madrilen egindako kontzentrazioan. 

DRTko taldekideei opari berezia
Asteburura begira, hitzordu garrantzitsu bat dute errugbizaleek, Donostiako Anoeta estadioan Frantziako Top14 errugbi txapelketako Baionako Avironen eta Arroxelaren arteko partidua. Escobarrek ez ditu DRTko bere taldekide ohiak ahaztu, eta joan zen zapatuan 18 urtez azpikoek Arripausuetan jokatutako partidara bisita egitera joan zen, opari eta guzti. Biharko partidurako sarrerak oparitu zizkien taldekide ohiei. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!