Durangoko Udalak parke berri bat sortuko du San Roken

E.H. 2026ko martxoaren 26a

Aire zabaleko frontoi txiki bat, saskibaloi kantxa, berdegunea eta atsedenlekuak atonduko dituzte. 

Durangoko Udalak parke berri bat ipiniko du San Roken. Aisialdiari eta kirolari begirako eremua izango da, eta Bustintza kalearen ondoan egokituko dute, auzoko aparkalekuaren ondoan. Eremuak aire zabaleko frontoi txiki bat, saskibaloi kantxa, berdegunea eta atsedenlekuak izango ditu, eta 375.000 euroko inbertsioagaz egingo dituzte lanak, hainbat urtetako finantzaketagaz. Diseinuari dagokionez, zuhaitz autoktonoak lehenetsiko dituzte, eta zoladura iragazgarria ipiniko dute elementuen oinarrian. Bestalde, proiektua parte hartze bidezko aurrekontuen emaitza dela gogorarazi du udalak. 

Mireia Elkoroiribe alkateak eta Iker Txertudi kirol zinegotziak asteon aurkeztu dute proiektua, Otamotzeneko auzogunean. Alkatearen berbetan, Bustintza kalea "espazio ireki eta moldakorra" izango da parke berriari eskerrak, "herritarren ongizatea eta bizikidetza sustatzeko" eremua. 

Proiektua datozen egunetan amaituko dute; obrak ekainean lizitatzea gura du udalak. Behin lanak hasita, sei hilabeteko epean amaitzea espero dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!