Euzko Mendigoizale Batzaren historia, Durangon ikusgai

E.H. 2026ko martxoaren 25a

Sabino Arana Fundazioak 'Mendirik Mendi' erakusketa aurkeztu du Kurutzesantun. Apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai. 

Durangoko Kurutzesantu Museoak Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza erakusketa hartuko du apirilaren 12ra arte. Sabino Arana Fundazioak eta Euskal Abertzaletasunaren Museoak bultzatutako erakusketa da, Euzko Mendigoizale Batzaren (EMB) ibilde historikoa jasotzen duena. Erakusketa zortzi panelek eta lau bitrinak osatzen dute.  

Erakusketako testuak Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak idatzi ditu, eta elkartearen bilakaera aletu du bertan: hasi euskal nortasuna eta euskara suspertzeko lanetatik, eta Gerra Zibileko gudarien baitaletaraino. Sabino Arana Fundazioak azpimarratu duenez, XX. mende hasierako hiru hamarkadetan, EMB euskal abertzaletasunaren zutabe nagusietako bat bihurtu zen, Emakume Abertzale Batzarekin eta ELA sindikatuarekin batera. 

Arantxa Tapiak, Sabino Arana Fundazioko presidenteak, erakusketaren garrantzia azpimarratu du inaugurazio ekitaldian: "Gerra zibileko porrotak, diktadurak eta erbesteak ez zuten bere ondarea amaitu. Bere espiritua belaunaldi berriek jaso zuten, nortasun partekatu baten sugarra bizirik mantenduz".

Erakusketaren ezaugarriak

Erakusketa hainbat ataletan egituratuta dago, eta besteak beste, elkartearen sorrera, ikurrak (San Andresen gurutze berdedun bandera), klandestinitatea eta frankismoaren ondorengo susperraldia azaltzen dira. Horrez gainera, garai hartako objektu, dokumentu eta argitalpen ugari ikus daiteke, Sabino Arana Fundazioaren bildumatik ateratako elementuak guztiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!