Datorren zapatuan, martxoak 28, Abesti Feministen VIII. Lehiaketako amaiera ekitaldia hartuko du Plateruena kultur aterpeak. 19:00etan hasiko den ekitaldian musika sortzaile durangarren abesti finalistak zuzenean eta publikoaren aurrean kantatuko dira.
Ekimena Udaleko Berdintasun Sailak bultzatu du, eta bere helburua musikaren bidez, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin konprometitutako mezuak sustatzea eta ikusaraztea da", udalak ohar batean zehaztu duenez.
Ekitaldiak EITBren laguntza du eta finala zuzenean eskainiko du streaming bidez www.eitb.eus atarian eta beste plataforma digital batzuetan. Jarraipena hainbat formaturen bidez bermatuko da, hala nola podcast, IPTV, HBBTV, kable eta satelite bidez. EITBk, halaber, ekitaldiaren laguntzaile ofizial gisa jardungo du.
Sari banaketa
Emanaldien ostean sariak banatuko dira. Lehiaketak 600 euroko sari ekonomikoak aurreikusten ditu 30 urtetik beherakoen kategorian bakarlari eta taldeen abesti onenentzat, eta 500 eurokoak 30 urtetik gorakoen kategorian.
Halaber, beste sari bi emango dira: publikoarena eta euskarazko abesti onenarena. Biak 350 euroko sariak dira. 130 euroko aipamen bereziak ere izango dira.
Bozketa zabalik barikura arte
2026ko Abesti Feministen VIII. Lehiaketaren bozketa herrikoia oraindik zabalik dago, baina azken egunetan sartu da. Bozketa bariku honetako (martxoak 27) 12:00ak arte egongo da zabalik, eta udalaren parte-hartze plataformaren bidez egin daiteke: https://partehartu.durango.eus/abesti-feministak.
Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek eman dezakete botoa, finalisten artean abesti bakarra aukeratuz: Mirar a otro lado, Esnatu, Sekretua, Only a Prey, Emakumeon martxa, Marea morea, La vida soy yo, La vida es ella, As I am, Bloom eta Denona da.