Erika Mugartegi eta Frida Watkins dira Winter Serieseko txapeldun berriak

Anboto 2026ko martxoaren 24a

Erika Mugartegi eta Frida Watkins txapelekin (Argazkiak: Eraman)

Atzo jokatu zen finala. Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik ezin izan zuten iazko txapela berritu.

Atzo Winter Series zesta-punta txapelketako finalak jokatu zituzten Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Erika Mugartegi eta Frida Watkinsek jantzi zuten txapela. Desenpatea behar izan zuten Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi mendean hartzeko: 15-8 /4-15 / 5-1.

Finalak bi zati ezberdin izan zituen eta materialak zeresan handia izan zuen. Pilota biziarekin min handia egin zuten Erikak eta Fridak, baina motelarekin, aurrelari markinarra jokoz kanpo utzi zuten urdinek, Frida zumaiarra zigortuz. Desenpatean hala ere, bikote morea izan zen nagusi. Hirugarren Winter Seriesa da Erika Mugartegirentzat —jokatu dituen guztiak— eta lehena Watkinsentzat. Honela geratzen da palmaresa: Erika-Arai (2023), Erika-Maialen (2024), Helena-Arai (2025) eta Erika-Frida (2026).

Atainen lehen txapela
Gizonen finalean, Gorka Mugartegi 'Atain' atzelari markinarrak bere lehenbiziko txapela irabazi zuen Jai Alai Leaguean. Durangon maila oso ona erakutsi zuen, joko maila bikainean ari den Aritz Erkiagarekin batera. Ispasterkoarentzat, denboraldiko bigarren txapela da, urtarrilean Berriatuko Master Seriesa irabazi baitzuen.

Atzoko finalean hiru setetan menderatu zituzten Urreisti eta Lekerika: 15-11 / 13-15 / 5-2.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!