Greba Orokorra

Greba orokorra "ikaragarria" izan zela adierazi du Durangoko batzordeak

E.H. 2026ko martxoaren 23a

Grebalariak Iurretako enpresa baten aurrean batu ziren manifestazioari ekin aurretik.

Goiz goizetik egindako martxa geldoetan, kalejiretan eta mobilizazio jendetsuetan parte hartu zituztenak eskertu eta zoriondu dituzte.

Durangoko greba batzordeak zoriondu egin ditu lanuztearekin modu batera ala bestera bat egin zuten guztiak. Egun "ikaragarria" izan zela esan dute, eta greba orokorra Durangoko kaleetan "argi" igarri zela gaineratu. "Zorion mezu bat partekatu gura dugu greba orokor honen alde norbere alea jartzea erabaki dugun guztiontzat: argiki eta batez ere grebarekin bat egin genuen langileok, baita ikasle greba antolatu genuenok, euskal gazteria, pentsiodunen mugimendua, mugimendu feminista", aipatu dituzte.

Halaber, aipamen berezia egin diete komertzioetako eta tabernetako autonomoei, pertsianak jaitsi eta grebari atxikimendua agertzeagatik. Eta lan ikusezinak ere izan dituzte berbagai, ordaindutako zein ordaindu bako zaintza lanen harira. "Gaur, gutxieneko soldata hemen erabaki eta 1.500 eurotan ezartzeko indar handiagoa dugu, soldata eta bizitza duinak izateko indar handiagoa daukagu, garaipen hau lortzeko indar handiagoa daukagu", baloratu du Durangoko greba batzordeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!