Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu duenez, "aurten Durangaldeko biktima guztiengan jarri nahi dugu arreta, ez soilik herrian bizia galdu zutenengan, baita indarkeria, erbestea, etxeen galera edo gerrak gure ingurune hurbilenean eragindako ondorioak jasan zituzten pertsona guztiengan ere". Mezu horixe azpimarratuko dute martxoaren 31 goizean hildakoak oroitzeko egingo den lore eskaintzan.
Gerrako haurrei buruzko ikerketaren aurkezpena
Aurtengo ekimen sortaren barruan, Durangaldeko gerra haurren inguruan egindako ikerketa aurkeztuko dute martxoaren 25an. Gerediaga Elkarteak Intxorta 1937 elkartearekin eta eskualdeko talde memorialistekin batera egindako lana da. Aurkezpenean orain arte batutako xehatasunak eman eta aurrera begirako asmoak azalduko dituzte.
Gainera, sei ikastetxerekin bisita gidatuak ere egingo ditu Gerediagak martxoaren 23tik 27ra. Guztira, 300 ikasle baino gehiagorekin landuko dute transmisioa. Martxoren 28an, berriz, denei irekita dagoen bisita antolatuko dute. Doakoa da eta izen-ematea hasita dago
Azkenik, martxoaren 31an, arratsaldez, oroimen ekitaldia antolatuko dute Kriskitin Dantza Taldearekin batera. Ikuskizunean hainbat sortzailek parte hartuko dute. "Bonbardaketa planifikatuekin egiten diren gerra modernoek Durangon dute aurrekarietako bat. Durangoko bonbardaketa oroitzea izan dadila munduari egiten diogun gerraren aurkako aldarria", adierazi du Gerediaga Elkarteko Goiatz Pelaezek.
Mendigoizaleen papera balioan jarriz
Astarloa Kultur Taldearen ekarpena ere esanguratsua da aurtengo ekitaldi-sortaren barruan. Erakusketa bat eta hitzaldi bat antolatuko dituzte. Bietan mendigoizaleek eta mendi taldeek Gerra Zibilean izandako garrantzia balorean jartzea da helburua. "Ez da asko ezagutzen, baina funtsezkoa den errealitate historiko bat da", nabarmendu Astarloa taldeko Julen Zamalloak.
Erakusketa martxoaren 24tik apirilaren 12ra egongo da ikusgai Kurutzesantu Museoan; askotariko argazkiek eta informazio panelek osatuko dute, Gerra Zibileko objektu batzuekin batera. Hitzaldia martxoaren 24an da eta Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko Zuzendaria den Aitor Miñambres izango da.
MARTXOAK 23-27
- Bisita gidatuak : 'Aztarnak' ibilbidea. LH eta DBH Batxilergoko ikasleak. Gerediaga Elkartea.
MARTXOAK 24, ASTEARTEA
- 19:00 Erakusketaren hasiera: 'Mendigoizaleak bakean, gudariak gerran; gudarien batailoiak'. Kurutzesantu Museoan. Astarloa Kultur Taldea.
Erakusketa apirilaren 12ra arte egongo da zabalik. Ordutegia:
- Martitzenetik domekara: 10:00-14:30
- Barikuak eta jai-egunak: 16:00-18:30.
- Astelehenak itxita.
- 19:30 Hitzaldia: 'Mendigoizaleak bakean, gudariak gerran; gudarien batailoiak'. Gazteleraz. Hizlaria: Aitor Miñambres, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko zuzendaria. Astarloa Kultur Elkartea.
MARTXOAK 25, EGUAZTENA
- 09:30-12:30 'Bonbardaketaren aztarnak' bideoa Kurutzesantu Museoan eta bonbardaketak oroitzeko tailer parte-hartzailea Andra Mariko elizpean. Durangoko Udala eta Lehen Hezkuntzako Ikasleak.
- 19:00 Durangaldeko Gerrako Haurren ikerketaren aurkezpena. Parte hartuko dute: Intxorta 1937 eta eskualdeko elkarte memorialistak. Kurutzesantu Museoan. Gerediaga Elkartea.
MARTXOAK 27, BARIKUA
- 19:00 'Maletas de tierra' antzerki saioa. Visitan & La Medusa konpainia. Hasiera: Ezkurdin; amaiera: Andra Mariko elizpean. Durangoko Udala.
MARTXOAK 28, ZAPATUA
- Doako bisita gidatua: 'Aztarnak' ibilbidea. Gerediaga elkartea.
11:00 Gazteleraz. Elkargunea: turismo bulegoaren ondoan.
17:00 Euskaraz. Elkargunea: turismo bulegoaren ondoan.
Izen-ematea: gerediaga@gerediaga.eus - 94 681 80 66.
MARTXOAK 31, MARTITZENA
- 08:30 Lehen Aire-erasoaren alarma hotsa. Ondoren, Suontzia piztea biktimen omenez. Andra Mariko elizpean. Durangoko Udala.
- 10:00 Durangoko bonbardaketen ondorioz hildakoak gogoratzeko eta omentzeko lore eskaintza. Durangoko hilerrian. Durangoko Udala.
- 12:30 Durangoko Udalaren oroimen ekitaldia Durangaldeko bonbardaketen biktimak oroitzeko. Ezkurdi plazan.
- 17:45 Bigarren aire-erasoaren alarma-hotsa. Durangoko Udala.
- 19:30 Martxoak 31, oroimen ekitaldia. Andra Mariko elizpean. Gerediaga Elkartea eta Kriskitin Dantza Taldea.