[BIDEOA]: "Pole dance egiteak ahaldundu egin nau; konfiantza gehiago daukat neure gorputzean"

Aitziber Basauri 2026ko martxoaren 22a

Ana Picallok (Bilbo, 1991) pole dance egiteko erabiltzen du Ourdaybi elkartean ezarritako barra. Artea eta kirola batzen dituen jardunerako teknika da pole dance, indarra eta burua oinarrizkoak dituena, eta Picallok hasiberritzat du bere burua. Probatzera animatu du.

Zelan erakarri zintuen pole dance diziplinak?
Kasualitatez hasi nintzen pole dance egiten. Ez nuen diziplina hau ezagutzen. Eskaladaren mundutik nator, eta aurretik gimnastika erritmikoa egindakoa naiz. Akrobaziagaz edo dantzagaz zerikusia duen zeozer egiteko gogoa nuelako hurbildu nintzen pole dance-ra, orain lau urte. Breakdance izan zen nire lehenengo aukera, baina nuen adina kontuan hartuta, Durangon ez nuen hasiberrien talderik aurkitu.

Bilbon hasi zinen pole dance egiten.
Maila anitzeko hamar bat laguneko talde bat topatu nuen Bilbon. Hasiberrien mailan hasi nintzen eta ikusi nuen oso aproposa zela niretzat. Eskalatzailea naiz eta biak uztargarriak dira. 

Teknika, indarra eta burua beharrezkoak dira maila berean.
Bai. Indarra ez ezik, teknika eta burua ere ezinbestekoak dira. Beldurrak edo frustazioak mugatu egin zaitzakete. Barra batean akrobaziak egitean datza pole dance. Indarraren, koordinazioaren eta buruaren arteko oreka behar da. Eskaladaren oso antzerakoa da.

Edonork egin dezake pole dance? Exijentzia fisiko handia du?
Pauso batzuk ikasi egin behar dira, denean legez. Eskaladan 13 urte daramatzat, baina pole dance-an hasiberria naiz. Biak zaletasun ditut. Neure buruari ipinitako erronken arabera arituko naiz batean eta bestean.

Zein ekarpen egin dizu zuri?
Konfiantza gehiago daukat neure buruarengan. Barra baten inguruan koreografia eta irudi akrobatikoak sortu behar dira, gorputza baliatuta. Oso jantzi gutxigaz egiten da. Azala hobeto atxikitzen da barrara, eta egonkortasun handiagoa lorzen da akrobazia egiteko. Lotsa sentitzetik harro sentitzera pasatu nintzen. Oso gorputz desberdinak bere gaitasunaren araberako akrobaziak egiten ikusteak konfiantza handia eman zidan, eta tabuak baztertzen lagundu zidan. Pole dance amatasunagaz lotzen dut.

Hori azaldu dezakezu?
Pole dance egiten hasi eta hilabete bira haurdun geratu nintzen. Ahal izan nuen arte jarraitu nuen eskalatzen eta pole dance egiten. Baina umea izan eta gero beldur nintzen ea ez nintzen gai izango akrobaziak egiteko. Hala ere, oso azkar berreskuratu nuen aurreko forma fisikoa. Ausartagoa nintzen, gainera. Eta bederatzi hilabetera bigarrenez haurdun geratu nintzen. Eskaladan zein pole dance-an berdin jarraitzeko aukera izango nuela jakiteak asko lagundu dit.

Ahalduntzean laguntzen duela uste duzu?
Guztiz. Aurreritzi asko dago. Striptease-agaz lotzen da, estereotipoz beteriko mundu ilun bategaz. Estigma horiek kenduta, ahaldundu egin nau eta konfiantza gehiago daukat neure gorputzean. Jainkosa baten legez sentitzen zara, egindako lanagaitik zoriondu egiten zaituzte eta mirestituta sentitzen zara. Taldekideekin sortzen den konplizitatea ere oso polita da.

Pole dance estilo asko dago.
Bai. Pole sport, pole exotic... Azken horren barruan badago aukera takoiekin egiteko ere. Oso gustura egiten dut, 20 zentimetro altuagoa naiz (barrez).

Pole dance egin gura duenari zer gomendatuko zenioke?
Probatzea gomendatuko nuke. Probatu ezean ez dago jakiterik gai garen ala ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!