Lau gol sartuta, Durangoko Kulturala garaipenaren bidera bueltatu da

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 18a

Derio taldea bisitatuko du eguen honetan. KULTURALA

Durangoko Kulturalak poz galanta eman zien bere zaleei joan zen asteburuan etxean Touring taldea mendean hartuta. Kulturala hiru partidu segidan galtzetik zetorren eta Touring hirugarren sailkatuak bere azkeneko hiru neurketak irabazi zituen. Beraz, talde errenteriarraren bisitak ez zirudien aukerarik aproposena bolada txarrari amaiera emateko, baina Tabirara batutakoek garaipenagaz ez ezik gol festagaz gozatzeko aukera izan zuten: 4-0. 

Unai Arieta izan zen partiduko protagonista nagusietarikoa: gol bi sartu zituen, 5. eta 39. minutuetan, eta abantaila polita eman zion taldeari. Bigarren zatiko 74. minutuan, Diego Fernandezek aldea handitu zuen, eta partiduaren hondarrean Peio Fontalek ginga ipini zion talde osoaren lan onari. Touring taldeak jokalari bat gutxiagogaz amaitu zuen partidua, epaileak euren jokalari bat egotzi zuelako 68. minutuan, baina, oro har, Kulturala gehiago izan zen hamaikaren kontra ere. 

Derioren aurka
Kulturala bederatzigarren dago orain. Eguen arratsaldean, hiru postu gorago duen taldea bisitatuko du: Derio. Deriok lau garaipen eta berdinketa bat lortu ditu azken bost partiduetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!