Egun dezente joan da Goya saria jaso zenuenetik. Ajea atzean utzita daukazu?
Lantaldekoak oso pozik gaude. Aurretik, Europako hainbat jaialditan egon gara eta sariren bat ere eraman dugu, baina, jakina, Goya sariek ospe handiagoa dute. Espektatiba handirik barik joan ginen, eta gure izena esan zutenean oihuka eta saltoka hasi ginen. Itzela izan zen.
Geroko jaian ere oso gustura egon ginen eta jende asko etorri zitzaigun zoriontzera. Aurten, gainera, euskal ekoizpen mordoa egon da, eta, beraz, talde handia elkartu ginen jai hartan. Oso interesgarria izan zen, beste ekoizpenetako jendea ezagutu genuelako. Maspalomas eta Los Domingos pelikulek ere Goya saria irabazi zuten, eta, beraz, pozik amaitu genuen.
Animaziozko pelikulek publiko helduagoa dutela esango zenuke?
Frantzian eta beste herrialde batzuetan horrela izan da orain arte, eta badirudi animaziozko pelikulak umeengadik eta haien gurasoengandik harago doan publiko batentzat ere badirela. Joera hori izan dugu azken urteetan. Aditu edo kritikoek ondo ulertu dute hori, eta orain publiko helduarengana heltzea izango litzateke hurrengo urratsa.
Komikiekin ere antzeko joera gertatzen dabil.
Bai, eta geroago eta gehiago esango nuke. Komikigintzan lan egiten duten marrazkilari klasikoek hobeto ezagutzen dute oinarria gero zineman lan egiteko. Hasieran trebatu egin behar dituzu programak erabiltzen ikasteko, baina gero erabaki bikainak hartzen dituztela ikusten duzu. Hori bai, Euskal Herrian eta Espainian ez dago zinemara dedikatzen den hainbeste marrazkilaririk, eta batzuk, gainera, nagusiak dira.
'Decorado'-n layout arduraduna izan zara.
Egia esanda, denetik egin dut, departamentu guztietan egin dut zeozer, eta esango nuke horrek lagundu egiten duela. Teknologia ezagutzen dut, eta horrek ere laguntzen du; gainera, trebatzen eta hobetzen ahalegintzen naiz. Hori beti da onuragarria zenbait proiektutan parte hartzeko. Decorado filmeko arte zuzendaria, Jose Luis Agreda, lanez gainezka zebilen eta deitu egin zidan, konfiantzazko norbait behar zuela eta. Arlo guztiak ikutzen zituen norbait behar zuen, eta, hain zuzen ere, aurreko produkzioetan ere hala aritu nintzen. Beraz, Joseren alboan ibili naiz lanean, hainbat gauzatan. Animatzaileek artista teknikari bat behar zuten, eta horretan ere lagundu nuen. Geroago eta pertsona gehiago dabil prestatzen animaziozko zinemarako, bai unibertsitateetan eta baita bestela ere, baina, hala ere, ez dago honetara dedikatzen den jende askorik,
'Robot dreams' filmagaz Oscar sarietarako izendapena jaso zenuten. Horrelako sariek ateak zabaltzen laguntzen dute?
Bai, baina ez hainbeste. Hau da, zabaltzen dituzte, jendeak pelikulak ikusteko balio duelako, baina, batez ere, ahoz ahozkoak laguntzen du. Horrelakoetan, non lan egin duzun ikusi daiteke, baina jendeak, eta batez ere ekoizleek, zelan lan egiten duzun jakin gura izaten dute. Talde lanean efizientea izateak, esaterako, asko laguntzen du.