Proiekzio batek Josu Merino elgoibartarrak eta David Lopez ‘Troner’ errioxarrak Dolomitetan eta Suitzako Alpeetan egindako eskalada saio gogorrak erakutsiko ditu. 2025eko urte hasieran, izotz eskaladako eta dry tooling-eko zailtasun handiko bideak egin zituzten han. Lorpen horiengaitik, Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioaren sari bat jaso zuten biek. San Agustinen Josu Merino egongo da, eta, bere abenturaren gaineko azalpenak emateaz gainera, bertaratutakoen galderei erantzungo die.
Ainhize Belarren proiekzioa
Beste proiekzioa eskaladaren ingurukoa da eta eskualdeko eskalatzaile bat du protagonista: Ainhize Belar atxondarra. Iaz 9a zailtasun mailako Harroputza izeneko bidea egin zuen Araban, Eginoko eskalada gunean, eta ikus-entzunekoak abentura hori jasotzen du.
Ekimena Ourdaybiko kide den Ana Picallok aurkeztuko du; proiekzioak ez dira arratsaldeko osagai bakarrak izango. Jaialdiaren hasieran, Garazi Abraldesek mendia eta dantza uztartzen dituen pole dance saioa egingo du. Bertaratzen direnentzat luntx bat egongo da amaieran, San Agustineko sarreran.