Egungo txapeldunak, aurten ere finalera

Anboto 2026ko martxoaren 18a

Lejardi eta Barrenetxea ETB1eko mikrofonoan, partidua irabazi ostean. (Argazkia: Eraman)

Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik Euskotren Winter Serieseko txapela berritzeko aukera izango dute asteleheneko finalerdia irabazi ostean: 15-13, 15-6. Martxoaren 23ko finalean Mugartegi-Watkins bikotea izango dute aurkari.

Astelehenean Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan jokatutako partidan nagusi izan ziren Barrenetxea eta Lejardi, baina ez partida guztian. Izan ere, bi zati izan zituen finalerdiak. Bata, lehenengo setaren ia amaieraraino, Arakistainek eta Goikoetxeak agindu egin zutelako, Barrenetxea jokoz kanpo utzita. Eta bigarrena, lehen setaren amaieratik partidaren hondarrera arte, pilota biziarekin, Arai Lejardiren eskuma protagonista izan zuena.

Partidaren lehen tantuan euren asmoak argi utzi zituzten Arakistainek eta Goikoetxeak. Tantuan agindu eta horma biko ederra bota zuen, saihetseko posturan. Hainbat tantu egin zituen gisa berean. Saihetseko postura horretan pilota asko zabaltzen du, aurkariari heltzeko aukerarik eman gabe. Bana eta bina egin ondoren, distantzia hartu zuten moreek. Pilota motelarekin, tantuak dominatu zituzten. Barrenetxeak ez zuen jokoan sartzeko ia aukerarik. Atsedenaldira bi tanto aurretik heldu ziren moreak (8-6), baina  apurka-apurka, markagailuan aurrera etorri ziren urdinak. Pilota bizituz joan ahala, Lejardik bere arma nagusia atera zuen: eskuma. Hiru tanto  segidan egin zituen pilota gogor astinduta. Azkenean euren aldera erori zen seta. Lehen seta irabazi ostean, azken txanpako joerari eutsi zioten urdinek, eta behera etorri ziren aurkariak. Azkenean, bigarren seta erosoago irabazi zuten.

Urreistiren erakustaldia
Gizonezkoetan, Eñaut Urreisti izan zen Ezkurdiko finalaurrekoan protagonista. Gipuzkoarrak partida ona jokatu zuen joan zen barikuan Gasteizen eta momentu on horri segida eman zion Durangon. Tanto asko bukatu zituen aurrean, Lekerikaren segurtasunak lagunduta. Bikote horiak Olharanek eta Zabalak baino gehiago jokatu zuen. Finala Erkiaga eta Atainen kontra jokatuko dute. Erkiagaren kasuan, bi final jokatuko ditu hiru eguneko epean. Barikuan Gasteizen (Erkiaga-Zabala vs Johan-Lopez) eta astelehenean Durangon (Erkiaga-Atain vs Urreisti-Lekerika).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!