Bariku honetan hasiko da Durangoko Udaro udalekuetan izena emateko epea

Anboto 2026ko martxoaren 16a

Martxoaren 20tik 30era egongo da zabalik. 

Aurten ere Durangoko Udalak Udaro programa abiatu du, 3 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta. Programaren helburua da udalerriko gazteei udan aisialdiko eta hezkuntzako jarduerez gozatzeko aukera eskaintzea.

Aurten "inoiz baino plaza gehiago" daudela nabarmendu dute aurkezpenean: 600etik gora. Familiek eta beren seme-alabak hainbat jardueratan izena emateko aukera izango dute. Jarduera horiek bi hamabostalditan egingo dira udan zehar: lehenengoa ekainaren 22tik uztailaren 3ra, eta bigarrena uztailaren 6tik 17ra.

Eskaintza berria: Gazte Aktiba
15 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat (2010 eta 2011 artean jaiotakoak), Gazte Aktiba udaleku berria antolatu dute, aisialdi aktiboko hainbat jarduera eskainiko dituena. “Lehen aldiz, udaleku hau abiarazi dugu familiek eta gazteek helarazi diguten eskaera bati erantzuteko. Proposamen berri hau aisialdi aktiboko jardueretan oinarritzen da, talde-lana sustatzeko eta esperientzia berriak eskaintzeko, aisialdia modu sortzaile eta eraikitzailean gozatu ahal izan dezaten”, nabarmendu du Jesica Ruiz Gazteria zinegotziak.

Edizio berri honetan, iraileko Udaleku Artistikoa ere itzuliko da, aurreko edizioak izandako "arrakasta handiaren" ondoren. Udaleku artistiko hau 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat da eta hainbat diziplinaren bidez sormena lantzeko aukera eskaintzen du. 

Izen-ematea
Izena emateko epea martxoaren 20tik 30era egongo da zabalik, programaren webgune ofizialean egin daiteke: www.durango.eus/udaro  

Aurreko urteetan bezala, plazak zozketa publiko bidez esleituko dira. Zalantzak argitzeko, Intxaurrondo Gaztegunearekin harremanetan jar daiteke 94 603 00 30 telefono zenbakian, intxaurrondo@durango.eus helbidera idatziz edo bertara joanez 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik barikura.

UDARO ESKAINTZA

Txiki Txokoa

  • 3 eta 5 urte bitarteko haurrei (2020 eta 2022 artean jaiotakoek) bideratuta dago. Programa honek euskarazko jolasak, tailerrak eta irteerak eskainiko ditu, sormena eta ikaskuntza modu ludikoan sustatzeko diseinatuta. Landako Gunean egingo da.

Hiri kanpamendua

  • 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat (2016 eta 2019 artean jaiotakoak), Hiri Kanpamendua eskainiko da, aisialdi eta hezkuntza jardueren bidez bizikidetza eta ikaskuntza sustatzeko kanpamentua. Landako Gunean gauzatuko da.

Abentura programa

  • 11 eta 14 urte bitarteko nerabeentzat (2012 eta 2015 artean jaiotakoak) Abentura programa antolatuko dute, aire zabaleko hainbat jarduera eskainiko dituena. Hau ere Landako Gunean gauzatuko da.

Kirol udalekuak

  • Kirol Udalekuak kirola eta jarduera fisikoa ardatz dituen esperientzia eskainiko da uztailaren 20tik 30era. Parte-hartzaileek kirol jarduera asko izango dituzte aukeran talde lana eta garapen fisikoa sustatzeko ingurune aktibo batean, Landako Gunean.

Ingelesez Olgetan

  • 7 eta 14 urte artekoei bideratuta dago eta ingelesa askotariko jarduerekin uztartuko du. Durangoko Institutuan eskainiko da.

Gazte Aktiba

  • Bestalde, 15 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat (2010 eta 2011 artean jaiotakoak). Gazte Aktiba udaleku berriak aisialdi aktiboko hainbat jardueraz gozatzeko aukera eskainiko du, Landako Gunean. 

Udaleku artistikoa

  • 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat da (2016 eta 2022 artean jaiotakoak) eta abuztuaren 31tik irailaren 4ra egingo da Landako Gunean. Hainbat diziplinaren bidez sormena lantzeko aukera eskainiko du, hala nola pintura, antzerkia eta musika.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!