Gorka Gansorekin batera osatzen duen Ganso&Cia konpainiak antolatzen du Tontolapiko Eguna, Durangoko Udalaren laguntzagaz. "Jende uholdea etorriko delakoan gaude, aurreko urteetan bezala jende pilaketak aurreikusten ditugu Durangon", gehitu zuen aurkezpenean Gansok berak. Edizio borobil honetarako, bost konpainiaren hamar emanaldi egongo dira ikusgai. Benoit Charpe eta Las Polis Frantziatik etorriko dira Durangora, Jose Luis Redondo, ostera, Asturiastik. Euriaren ondorioz, Jimena Cavallettiren emanaldia bertan behera geratu zen, eta aurten beste aukera bat ematea erabaki dute antolatzaileek. "Ehorzketa batean oinarritzen da bere lana, eta bai ala bai, eguraldi ona behar du antzezteko. Eguraldi txarra eginez gero, Landakon egingo dira gainontzeko emanaldiak, baina hau bertan behera geldituko litzateke, ostera", nabarmendu du Gansok. Bestalde, Durangaldeko Karrika konpainiak Parkingdarrak emanaldiaren bigarren zatia prestatu du Tontolapiko Egunaren edizio honetarako; bost emanaldi eskainiko dituzte, eta kasu honetan, doakoa den arren, aurrez sarrera hartu beharko da informazio gunean (egunean bertan). Food truck-a ere bai Ganso&Cia konpainiako kideek egun osorako plana antolatu gura izan dute, beste urte batez. "Maratoi formatu honekin, egun osoko plana egiteko aukera eskaini gura dugu, eta horretarako KemeKomoko lagunak izango ditugu gurean, iaz bezala. Inguruko tontolapiko guztiak daude gonbidatuta", gehitu dute.