Ekuirnokziorako gertu?
Iker Garate: Urduri samar gaude, aurtengoa indartsu dator eta. Lan handia egin dugu eta gogotsu gaude zapatua ailegatzeko.
Elena Olave: Honako hau bigarren Ekuirnokzioa izango da. Iaz Iurretan egin genuen, eta, lehenengoa izan zenez, sorpresa puntu hori zegoen. Durangaldeko eta eskualdetik kanpoko jende asko etorri zen. Aurten Durangon egingo dugu. Jendea animatzea itxaroten dugu.
Memoria historikoak pisu nabarmena du aurtengo egitarauan.
E.O.: Izan ere, horixe izango da aurtengo Ekuirnokzioaren ardatza. Iaz, elkarren arteko aliantzetan ipini genuen fokua, eta aurten memoria historikoan. Beharrezkotzat jotzen dugulako zelan sortu ginen eta nondik gatozen aztertzea. Hori dela eta, Durangoko kuir memoriaren ibilbidea egingo dugu.
I.G.: Durangoko kuir memoriaren ibilbidea hirietako ibilaldi turistikoen antzekoa izango da. Zirkuitu bat egingo dugu herriko kaleetan, eta geldialdiak egingo ditugu LGTB mugimenduarentzat inportanteak diren lekuetan. Gainera, ibilaldi hori Durangoko LGTB herritar historikoen eskutik egingo dugu, eurak arduratuko dira-eta azalpenak emateaz. Besteak beste, 90eko hamarkadako EHGAMeko kideek, Bilgune Feministako kideek, Jon Petralandak eta bertsolari batzuek parte hartuko dute.
E.O.: Zisak eta heterosexualak direnentzat ere interesgarria izango da ibilbidea, herriko LGTB testigantzak eta historia ezagutuko dituztelako.
Ekuirnokzioko bigarren ekintzak ere memoria du oinarri, baina, kasu horretan, Getxoko adineko LGTB herritarrena.
I.G.: Belaunaldien arteko zeozer egin gura genuen, eta ikusi genuen Julen Nafarrete kazetariak eta Ines Bermejo artistak Non daude Getxoko LGTBIQ+ nagusiak? liburua eta erakusketa egin zutela. Pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela liburuaren sortzaileak ekartzea eta proiektua ezagutzea.
E.O.: Ispilu bat dira, zelanbait. Berbaldi bat egin zuten orain lau urte eta hantxe ezagutu genituen. Eta, denboragaz, Durango-Getxo ardatza sortu dugu. Julen eta Ines oso prest agertu dira proiektuaz berba egiteko eta liburua aurkezteko.
Dena dela, jaia egiteko astia ere izango duzue.
E.O.: Bazkaria egingo dugu lehenengo, eta gero Hirukia Trivial jolasa, geurera moldatuta. Gure kulturaren eta iruditeriaren inguruko jolasa izango da eta probak egongo dira. Maritxuena nor den erabakitzeko jolasa izan daiteke, zelanbait esateko.
Eta, jakina, parrandarako aitzakia ere izango da.
I.G.: Arratsaldean karropoteoa egingo dugu Durangoko kaleetan, eta gauean Mokor Okerren gaua gaztetxean: DJ Kene, MJPQ eta DJ Totozer ibiliko dira giroa berotzen. A! Eta sorpresak ere egongo dira!
Zein jantzi edo dress code behar da Ekuirnokziorako?
E.O.: Etorri eroso jantzita. Arnesak erabili daitezke, jantzi gardenak ere bai. Ekarri animal print arropa, sare itxurako jantziak, arropa distiratsuak, ileordeak. Zeozer garage-underground tekno-futurista egin dezakegu. Imajinatzen? Baina ez ekarri purpurinarik, gero garbitzea asko kostatzen da eta.