Izan ere, 2022ko martxoan, Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutuak desobiraketak egin zituen Berriozarko kanposantuan. Gerra zibileko hainbat gorpu topatu zuten han. Eta Jimi Jimenezek esku hartutako ikerketari eskerrak eta Juan Osorok emandako DNA laginari eskerrak, 2025eko azaroan gorpuetariko bat durangar batena zela frogatu zuten: Epifanio Osoro Ikobaltzetarena. ANBOTO Juan eta Endika Osoro aita-semeekin batu da, Epifanio Osororen ilobagaz eta birbilogagaz, hurrenez hurren, Jimi Jimenez ikerlariak eta Andoni Barreña Durango 1936 elkarteko kideak lagunduta.
"Gure aita eta bere senideak Artekaleko 26. atarian jaio ziren, hirugarren solairuan. Lau neba-arreba izan ziren: Juan gure aita, Rosa, Juana eta Epifanio. Aitaren familia durangarra izan arren, senideak Bilbora joan ziren gerora. Gaur egun, gu Basaurin bizi gara", azaldu du Juan Osorok. "Etxean ez zen ezer komentatzen. Ez genuen osaba Epifanioren istorioa ezagutzen. Desagertu egin zela, hori baino ez zen esaten. Baina, halako batean, orain hamabost bat urte edo, irratia entzuten nenbilela izan nuen bere berri", gaineratu du.
Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, talde anarkista bat egon zen Durangon, eta Epifanio Osoro bertako kide izan zen. 1930eko hamarkada bueltan sabotajeak egin eta eskuorriak banatzen zituzten", testuinguruan kokatu du Jimi Jimenezek talde anarkista. "Eta horregaitik guztiagaitik, Epifanio eta bere taldea poliziaren jo-puntuan zegoen beti", gaineratu du Andoni Barreñak. Gatazka giro hori oraindino eta gehiago sakondu zen errepresioaren kontrako mobilizazioetariko batean, Durangoko udaltzainburua hil zutenean. "Gure familiako kideak lekukoen artean zeuden, eta, testifikatu zutenez, tirokatzailea ez zen Durangoko inor izan", argitu du Barreñak. Baina, gertakari hark ezegonkortasuna handitu zuela eta, Durangoko anarkistek herritik alde egin behar izan zuten.
"Hortik aurrera, talde anarkistako kide bakoitzak bizimodua topatu behar izan zuen, eta badirudi Osorok Valladolid, Aranda de Duero eta Burgos inguruko talde anarkistekin kontaktatu zuela", azaldu du Jimenezek. "1935era arte delitu txikiak egin zituen, harik eta 1935eko martxoaren 1ean bera eta beste lagun bi Aranda de Dueroko banku batean lapurreta egiten ahalegindu ziren arte. Ez zen eurek pentsatu zuten moduan irten, eta ihesean zihoazela poliziak egun hartan bertan atxilotu zuen durangarra. Baimenik barik armak edukitzea, lapurretan egitea eta pertsona bat bahitzea leporatu zioten. Izan ere, taxi gidari bat bahitu zuten, Valladolidetik Aranda de Dueroko banketxera joan ahal izateko. Gidaria ibilgailutik kanporatu eta lotuta utzi zuten ihi artean. Bahituak, baina, askatzea lortu eta salaketa ipini zuen. Epaitu eta gero, Osoro kartzelaratu egin zuten", gaineratu du. Durangarrak 21 urte zituen atxilotu zutenean, eta 11 urte 14 hilabete eta 22 eguneko kartzela zigorra jaso zuen. Aranda de Dueroko kartzelan egon zen lehenengo, eta Valladolidekoan, Leongo Sahagún herrian, Alcalá de Henareseko kartzelan, Burgosen, Guadalajaran eta Iruñean gero.
Osoro 1936ko ekainaren 24an sartu zuten Ezkaba mendiko kartzelan, San Kristobalgo gotorlekuan. Han eman zituen bere azken egunak. Hilabete batzuk lehenagoko amnistia legea tarteko, armak edukitzetik kargugabetu zuten, baina ez intimidazio bidezko lapurreta egitetik. Hori nahikoa ez, eta kartzelara sartu eta gutxira altxamendu frankista gertatu zen. "Eta ikusita kondenatuta zegoela eta giroa errepublikatik militarren kontrolpera igarotzen zebilela, Osorok ihes egitea baino ez zuen irtenbide. Ihes egiteko konplota antolatzea egotzi zieten berari eta beste 20 presori, hain zuzen ere", azaldu du Jimenezek. Dokumentazio historikoak jasotzen duenez, "kartzela zaindariek hil zuten Osoro, ihes egiten ahalegintzen zebilela".
22 urte zituen eta Aranzadi zientzia elkarteak topatu zuen bere gorpua, erail zutenetik ia 90 urtera, Berriozarko hilerriko hobi komun batean, kartzelako beste 16 presogaz batera. Bakoitzak tiro bat zeukan buruan. Azkenik, Juan Osorok 2025eko udazkenean egindako DNA probari eskerrak, hildakoetariko bat osaba Epifanio zela ondorioztatu zuten. Orain, familia zain dago Nafarroako Gobernuaren eskutik gorpuzkiak jasotzeko. Eta behin osaba desagertua berreskuratuta, zikloa zarratzeko prest.
|
Anarkista durangarra topatzeko gakoak
Jimi Jimenez ikerlari durangarrak zeresan handia izan du ikerketan. "Oso prozesu bizkorra" izan dela dio. "Iaz kontaktatu genuen Juanegaz, irailean DNA proba egin genuen, eta azaroan gorpuzkiak Epifaniorenak zirela ondorioztatu". Andoni Barreñak eta bere familiak testigantza historiko ugari jaso dute: "Gure aitaren familia Kalebarrian bizi zen, eta gure osaba Nicolas, bederatzi semealabaren artean zaharrena, Epifanioren laguna zen, adinkideak ziren eta. Osaba-izebek sarritan aipatzen zuten Epifanio".
2022ko martxoan, Aranzadik desobiratzeak egin zituen Berriozarko hilerrian (Nafarroa). 17 gorpu aurkitu zituen, buruan tiro banagaz. Haien artean zegoen Osoro. Nafarroako Gobernuak familiari bueltatuko dizkio durangarraren gorpuzkiak. |


