Herriaren Eskubideak dio Durangoko kirol zerbitzuak "arriskuan" daudela "kudeaketa txarraren eraginez"

E.H. 2026ko martxoaren 12a

Talde independentearen arabera, Landakoko kiroldegian kartelak agertu dira "fitness aretoko makinak ez direla konponduko iragartzen". Zerbitzua "txarto kudeatzea" egotzi die EAJri eta PSE-EEri. 

Herriaren Eskubideak uste du kudeaketa horren eraginez, erabiltzaileei "galarazi" egiten zaiela kirol ohiturak "betetzea". Eta gaineratu dute jeltzaleek eta sozialistek ez dituztela agindutako "konpromisoak bete": fitness aretoko makinak berritu barik daudela, Tabirako igerilekuetako aldagelak 2026ko udarako eraiki barik egongo direla eta kirol zerbitzuen kontratua berritu barik dagoela azpimarratu dute. Halaber, egoera hori kirol zerbitzuetako prezioak igotzearekin "kontraesankorra" dela gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, Durangoko kirol instalazioetako beharrizanei "premiaz" erantzuteko eskatu dio Herriaren Eskubideak gobernu taldeari. Gainera, hiru neurri hartzea proposatu dute "arazoak konpondu" bitartean: erretiratutako makinen ordezko modura makinak alokatzea, fitness aretoko kuotaren % 20 itzultzea eta ordainketa ukatu gura dutenei dirua bueltatzeko kudeaketa erraztea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!