Auto elektrikoentzako kargagailua ipiniko dute San Agustinalden, udal ibilgailuentzat

Anboto 2026ko martxoaren 12a

Lanak datorren astelehenean hasiko dira eta aste biren buruan amaituko dituzte. 

Durangoko Udalak San Agustinalde kalean udal-auto elektrikoetarako kargagailu berri bat jartzeko lanak hasiko ditu datorren astelehenean, martxoak 16. Obra horiek bi asteko epean amaitzea aurreikusten da eta 46.400 euroko aurrekontua dute, udalak ohar batean informatu duenez.

Lanen ondorioz, trafikoa eten beharko da San Agustinalde kalean, Galtzareta eta Jose Miel Barandiaran kaleen artean, udalak zehaztu duenez. Mozketa horrek Zumalakarregi kaleko eta alde zaharreko sarbidean eragina izango du. Eragozpenak gutxitzeko, Jose Miel Barandiaran kalean zirkulazioaren noranzkoa aldatuko dute, eta inguruan dauden denda, garaje eta etxebizitzetara sartzeko aukera emango da, betiere ibilgailuek 5T baino gehiagoko pisua ez badute.

Gainera, obrak egiten diren bitartean, Jose Miel Barandiaran kalean aparkatzea debekatuko da, inguruko egoiliar eta erabiltzaile guztientzat sarbide "arina eta segurua" bermatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!