Durangoko EH Bilduk osoko bilkurara eramango du etxebizitza larrialdiaren debatea, "eztabaida publikoa izan dadin eta alderdi bakoitzak neurririk egokienak herritarren aurrean aurkezteko aukera izan dezan". Izan ere, subiranisten berbetan, "etxebizitza plana ez da prentsara bidalitako argazkiekin egiten", mahai gainean "epeak eta aurrekontua" ipinita baino. Alde horretatik, "ausardia eta zintzotasuna" eskatu dizkie udalbatzako alderdiei, baita "berba hutsetatik, argazkietatik eta promesetatik" haragoko "egiturazko neurriak" hartzeko ere.
EH Bilduk gogorarazi duenez, "etxebizitza larrialdia da durangarren arazo nagusia". Udalerriko 2099 eskatzaile Etxebiden izena emanda daudela eta udalerriko 1.405 etxebizitza hutsik daudela gaineratu dute. Era berean, oso txikitzat jo dute Durangoko alokairu eskaintza.
Hori guztia dela eta, EH Bilduk 10 neurri eta helburu bi proposatu zituen etxebizitzaren auziari aurre egiteko. Besteak beste, "300 etxebizitza huts" mobilizatu gura dituzte datoezn lau urteetan, eta udalaren etxebizitza parkea "bikoiztu".