Etxebizitza eskaintza handitzeko eta hutsik daudenak merkaturatzeko neurriak Durangoko Etxebizitza Planean

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 10a

Mireia Elkoroiribe alkatea eta Jesica Ruiz alkateordea.

Etxebizitzarako udal-bulego bat sortzea aurreikusten du, herritarrei informazioa, aholkularitza eta zuzeneko arreta emateko.

Durangoko Udalak udalerriko Lehenengo Etxebizitza Plana onartu du. Izan ere etxebizitzarekiko kezka soziala "nabarmen hazi" da azken urteotan, udalak ohar batean zehaztu duenez. "2025eko abenduko EAEko Soziometroaren arabera, biztanleen %58k uste du etxebizitza dela arazo sozial nagusia. Durangon, 2025eko udal inkestaren arabera, etxebizitza da tokiko kezka nagusia, %15,3rekin", zehaztu dute.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak planaren helburua  azaldu du: “Etxebizitza eskuratzea herritarren kezka nagusietako bat da gaur egun, baita Udal honentzat lehentasuna ere. Lehen Etxebizitza Plan honekin urrats sendoa ematen dugu Durangoko gazteek beren bizi proiektua hemen garatu ahal izateko". Bestalde, Jesica Ruiz alkateordeak plana "adostasunerako borondatearekin" sortu dela nabarmendu du eta helburu argia duela: "Etxebizitza-parkea handitzea eta Durangon etxebizitza eskuratzea erraztea".

Dokumentuak datozen bost urteetan garatuko diren hainbat neurri jasotzen ditu, lau eremutan banatuta. Honela laburbildu dituzte oharrean:

Etxebizitza-politiken udal-kudeaketa bultzatzea

  • Durango Eraikitzen sozietate publikoa indartzea etxebizitza-politikak garatzeko.
  • Etxebizitzarako udal-bulego bat sortzea, herritarrei informazioa, aholkularitza eta zuzeneko arreta emateko.
  • Gazteek alokatzeko udal-dirulaguntzak berrikustea, haien irismena handitzeko eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin bateragarri egiteko.
  • Bakarrik bizi diren adinekoei zuzendutako Bizigune eta Bizihabi gisako ekimenei buruzko informazio-programak.

Hutsik dauden etxebizitzak erabileran jartzea

  • Udal programa berria, 5.000 eurora bitarteko laguntzekin, hutsik dauden etxebizitzak birgaitzeko eta bost urtez Bizigune programan sartzeko.
  • Etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko sentsibilizazio-kanpainak.
  • OHZren %90era arteko hobariak, arrazoizko alokairuko programa publikoetan
    sartutako etxebizitzetarako.

Etxebizitza babestuen parkea handitzea

  • Etxebizitza babestuen eraikuntza bultzatzea, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.
  • Bizitegi-formula berriak aztertzea, hala nola zuzkidura-bizitokiak, belaunaldien arteko
    etxebizitzak edo gazteentzako eta adinekoentzako irtenbideak.
  • Bulegoak eta lonjak etxebizitza babestu bihurtzeko aukera, bizitegi-eskaintza
    handitzeko.

Etxebizitza turistikoen erregulazioa

  • Udalak etxebizitza turistikoak arautzeko prozesuari ekingo dio, HAPOren berrikuspenaren esparruan, bizitegi-merkatuan egon daitezkeen gorabeherei aurrea hartzeko.

Ekimen hori Birjinosteko 22 etxebizitza tasatuei eta San Faustoko 16 etxebizitza sozialei gehitzen zaiela nabarmendu dute. 

Ildo horretatik, Udal Gobernuaren etxebizitza-politikak aurreikusten du datozen urteetan "gutxienez babes ofizialeko 530 etxebizitza tasatu eraikitzea", udalak zehazten duenez. Udalak 2026tik aurrera hainbat udal lursailetan obrak hastea aurreikusten du, alokairu sozialerako 330 etxebizitza garatuko diren hainbat eremutan; hala nola BEPB (84), Faustegoiena (23), Birjinoste (39), Larrasoloeta (38), Iparzabalarra (30), Arripausueta (50), Kabilduoste (18) eta Mikeldi (48). Horiei 190 etxebizitza tasatu gehituko zaizkie, eta San Fauston (88), Kabilduosten (18) eta BEPBn (84) sustatuko dira.

Udalak jakinarazi duenez, Plana "Udal Gobernua osatzen duten taldeen (EAJ-PNV eta PSE-EE) aldeko botoekin eta PP oposizioko taldearen babesarekin onartu da; EH Bildu abstenitu egin da eta Herriaren Eskubidea alderdiak ez du bozketan parte hartu".

Mireia Elkoroiribe alkatea eta Jesica Ruiz alkateordea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!