Otsailaren 28ko asteburuan egindako hautaprobak gainditu ondoren, Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskola eta Kontserbatorioko zazpi ikasle Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikian parte hartzeko aukera izango dute. Irati Ruiz (biolina), Fabio Ruiz de Larrea (biola), Julia Goitia (biola), Irati Bengoetxea (biolontxeloa), Amaia Sanz (biolontxeloa), Martin Geira (tronboia) Valentin Alberdi (ordezko tronboia) ikasleek ekainaren 23tik 29ra bitartean egingo den topaketan parte hartuko dute. Bederatzi eta hamalau urte bitarteko musikari hauek Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikiko kide izango dira egun horietan, eta bertan, orkestra sinfoniko baten jotzeko aukera izango dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat ikaslegaz batera. Proiektua zuzentzeaz Ane Legarreta arduratuko da, berak gidatuko du topaketan zehar egingo duten lan artistikoa. Ekaineko egun horietan, ikasleek errepertorio bat landuko dute, eta besteak beste, J. Brahms, B. Bartok, Chaikovski eta J. Williams artisten lanak batzen ditu errepertorio horrek; ekainaren 6an entsegu orokor bat egingo dute gazteek, eta ostean, orkestrak hiru kontzertu eskainiko ditu Donostian, Gasteizen eta Bilbon; ekainaren 26an Donostiako Miramonen Euskadiko Orkestran duen egoitzan, ekainaren 27an Gasteizko kontserbatorioan, eta apirilaren 28an Bilboko kontserbatorioan izango dira zuzenekoak, hurrenez hurren.
Durangoko Udalak hautatutako ikasleak zoriondu ditu "erakutsitako lanagatik eta dedikazioagatik", baita, musika proiektu honetan ikastetxea ordezkatzeagatik ere. "Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskola eta Kontserbatorioak proiektu honetan duen presentzia urte batzuetatik hona errepikatzen ari a, eta horrek ikastetxeak musika prestakuntzarekiko eta ikasleek duten talentua eta dedikazioa islatzen ditu", azaldu du Durangoko Udalak ohar baten bidez. Euskadiko Ikasleen Orkestra Txiki proiektua Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak sustatutako ekimena da.