Emakumeen Euskotren Winter Series txapelketak baditu bere lehen finalistak. Erika Mugartegi eta Frida Watkins dira, atzoko partidan galtzen hasi, baina markagailuari buelta ematea lortu ostean. Lehenengo seta erraz galdu arren, bigarrenean nagusi izan ziren. Desenpatean ere 3-1 galtzen joan ziren, baina Elaia Gogenolaren eta Eneritz Lizardiren hiru hutsek bidea erraztu zieten: 15-6, 8-15, 3-5.
Partida oso ondo hasi zuten Gogenolak eta Lizardik. Estrategia Mugartegi jokoz kanpo uztea izan zen eta Watkinsek ezin izan zion aurkariek bidalitako pilota erauntsiari eutsi. Bigarrenean gauzak aldatu egin ziren. Mugartegik pausu bat atzera eman zuen Watkinsi laguntzeko eta horrela zumaiarra ere erosoago aritu zen. Hirugarren eta azken jokoan, Gogenolak kontra-kantxara bidalitako bi pilota, eta Lizardik sake errestoan galdutako bat erabakigarriak izan ziren partidaren nondik norakoa markatzeko.
Atainen garaipena estreinaldian
Gizonen Master Seriesean Aritz Erkiaga eta Gorka Mugartegi 'Atain' —Erika Mugartegiren neba— sailkatu ziren finalerako Ludovic Laduche eta Mikel Mancisidor mendean hartuta. Lehen seta galdu arren hurrengo biak irabazi zituzten: 12-15, 15-4, 5-2. Atainek profesionaletako lehen partidua zuen Eraman enpresarekin eta partidu ona jokatu zuen. Errebesez gogor jo zion pilotari, eta batez ere seguru aritu zen piloteoan.
Helena Barrenetxea, bigarren finalerdietan
Datorren astelehenean, 19:00etan, bigarren finalerdiak jokatuko dira. Bertan, Helena Barrenetxea durangarra finalerako txartela lortzen saiatuko da Arai Lejardirekin bikotea osatuz. Biek iaz irabazitako txapela defendatuko dute. Ihart Arakistain eta Maia Goikoetxea izango dituzte kontrario.
Gizonetan Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika bikoteek neurtuko dituzte indarrak martxoaren 23ko finalera sailkatzeko txartelaren bila.