Durangoko Udalak sare irristagaitzak jarri ditu Pinondo eta Intxaurrondoko oinezkoen pasabideetan

Anboto 2026ko martxoaren 10a

Bi pasabideetan “Trek net” izeneko sare plastikoa instalatu da. 

Durangoko Udalak sare irristagaitzak jarri ditu oinezkoen egurrezko bi pasabidetan: Pinondon —Kili-Koloren ondoan— eta Intxaurrondoko parkean. Zehazki 'trek nek' izeneko sare plastikoa jarri du gainazalean. Gainera, sarea jarri aurretik, pintura zaharra kendu du zorutik gainazalaren itxura hobetzeko eta material berria hobeto jartzeko. Helburua oinezkoen segurtasuna hobetzea da, udalak ohar batean zehaztu duenez.

Orain arte, inprimazio eta pinturen bidez egurraren gainean aplikatutako soluzioek "ez dituzte espero ziren emaitzak eman", udalak zehaztu duenez. Izan ere,  "horrelako tratamenduak ez dira behar bezala itsasten hainbeste hezetasun jasaten duten gainazaletan". Horregatik, soluzio iraunkorrago baten alde egin du. Egindako lanen kostua 4.114 eurokoa da, BEZa barne.

Bestalde, jarduketa osagarri bat aurreikusi da martxoan Intxaurrondoko pasabidean. Kasu horretan, barandaren azpian dagoen egurra babestuko da, hezetasunaren aurrean hobeto kontserbatzeko. Horretarako, zura garbituko da eta “lasur” motako pintura babeslea aplikatuko da, baita txapa aurrelakatua ere.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!