Durangoko hainbat kale asfaltatzeko bi hilabetez luzatu diren lanak bart goizaldean amaitu ziren, udalak ohar batean informatu duenez. Lanek 308.837 euroko aurrekontua izan dute.
Lan nagusiak Intxaurrondo, Laubideta eta Aliendalde industrialdean egin dira, baita beste zenbait tokitan ere, hala nola Gallandan, Landakon eta Frai Juan de Zumarragan. Guztira, 7.200 metro koadro asfaltatu dira, udaleko datuen arabera.
Beste lan mota batzuk ere egin dituzte. Esaterako, hainbat puntutan oinezkoen pasabide goratu batzuen malda murriztu dute, emergentziazko ibilgailuak edo bizikleten joan-etorria errazteko eta irisgarritasuna bermatzeko. Gainera, egoitza- eta eskola-eremuetako trafikoaren abiadura moteltzeko neurriak hartu dituzte bide-segurtasuna indartzeko.
Azkenik, datozen hilabeteetan asfaltatze lan gehiago gauzatuko direla aurreratu dute.