Durangoko Udala edateko uraren azpiegiturak berritzen ari da San Inazio auzunean

Anboto 2026ko martxoaren 9a

San Inazio auzunea.

Duela zenbait hilabete, matxurak antzeman zirenez, udalak hornidura azpiegituraren berrikuntza integrala egitea erabaki du.

Udal brigadak San Inazio auzoan edateko uraren lurpeko instalazioak berritzen jarraitzen du, udalak ohar batean zehaztu duenez. Izan ere, duela zenbait hilabete, matxurak antzeman zituzten San Inazioko hainbat etxebizitza-bloketako ur-hodierian. "Fibrozementuzko hodi horiek 50 urte dituzte eta hondatu egin direnez, ur-horniduraren eraginkortasuna arriskuan jartzen zuten ihesak sortzen ziren", zehaztu dute. Egoera horren aurrean, udalak hornidura azpiegituraren berrikuntza integrala egitea erabaki du.

Hasteko, duela hilabete batzuk, Agirre Lehendakariaren kalean obrak egin ziren, San Inazio 8. blokearen inguruan. Jarduketa horretan, bloke horretarako edateko uraren hornidura bermatu zen, fibrozementuzko hodi zaharra zerbitzuz kanpo utzita. Gainera, suhiltzaileentzako ur-hartuneak berritu ziren. Otsailaren 23az geroztik lan berdina egiten ari dira San Inazio 6 eta 7 blokeetan eta, gainera, parkeko iturriko ur-hargunea ere berritu da. "Horrek aisialdirako gunearen uraren kalitatea hobetzen lagunduko du", azaldu dute.

Lanen ondorioz ur-hornidura aldi baterako eteten ari dira eta udalak badaki  "deserosotasunak" eragin ditzakeela. "Behar diren ahalegin guztiak egiten ari gara etenaldiak minimizatzeko eta ahalik eta azkarren berritzeko", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!